GARA > Idatzia > Ekonomia

Lanbide-ren administrazio kontseilua astelehenean osatuko da Gasteizen

Gasteizko Gobernuko euskal enplegu zerbitzuko erabaki organo nagusia izango den administrazio kontseilua astelehenean osatuko dute Gasteizen. ELAk eta LABek hiru kideko ordezkaritza dute kontseiluan, baina jada adierazi dute ez dutela oraingoz Lanbiden parte hartuko.

GARA

Datorren astelehenean osatuko da Lanbide euskal enplegu zerbitzuko administrazio kontseilua Gasteizen, zerbitzu publiko honen egoitza nagusian. Kontseilua izango da Lanbideko erabaki organo nagusia eta Gemma Zabaleta Gasteizko Gobernuko Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak hartuko du parte ekitaldian.

ELA eta LAB sindikatuek pasa den hilean jada adierazi zuten ez dutela oraingoz Lanbiden parte hartuko. Administrazio kontseiluan bi kideko ordezkaritza dagokio ELAri eta kide batekoa LABi, baina astelehenean ez dira Gasteizen izango.

Bi sindikatuok urtarrilean adierazi zutenez, administrazio kontseiluan beren parte-hartzea «momentuz bertan behera uzteko» asmoa dute, Lanbideren osaketa prozesu osoan zehar Gasteizko Gobernuak uko egin diolako ELArekin eta LABekin «edozein harreman» izateari. Zentzu horretan, «Gobernuak, Confebask-ekin eta CCOO eta UGTrekin adostasunean egin du Lanbideren diseinua, gehiengo sindikala baztertuz», salatu zuten. CCOO eta UGT sindikatuek %33ko ordezkaritza sindikala dute.

Parte-hartzaileak

Edonola ere, asteleheneko hitzorduan izango dira Javier Ruiz Enplegu sailburuordea, Javier Ramos kontseilu horretako idazkari eta Lanbideko zuzendari nagusia, Carlos Crespo Lanbide Heziketako sailburuordea, Andres Araujo Ekonomia sailburuordea eta Juan Jose Garayar Lakuako Gobernuko Industria Garapeneko zuzendaria.

Patronalaren ordezkari gisa Confebask-eko Nuria Lopez de Gereñu joango da, beste lau kiderekin batera. CCOO sindikatuaren izenean, berriz, Maria Dolores Garcia eta UGTrenean Felipe Garcia izango dira Gasteizen.

OSAKETA PROZESUA

ELAk eta LABek salatu dutenez, Lanbideren osaketa prozesu osoan Gasteizko Gobernuak uko egin dio ELArekin eta LABekin «edozein harreman» izateari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo