GARA > Idatzia > Ekonomia

Basauriko udal euskaltegiko langileak «zanpatu» egiten dituztela salatu dute

Amaia ZURUTUZA |

Basauriko udal euskaltegiko langile bat kaleratu egin zuten atzo, egun batetik bestera, eta aurrez inolako abisurik eman gabe. Asier Arana euskaltegiko LABeko delegatuak atzo GARAri azaldu zionez, kaleratu berri duten langileak orain dela bost urte oposizio bidez lortu zuen lanpostua, aurretiko erretiroa hartu zuen irakasle baten postua betez. Bost urte igaro ostean langileak mugagabeki postuan jarraituko zuela adostu bazuten ere, azkenean kaleratu egin dute.

Aranaren azalpenaren arabera, atzo goizean langileak -tartean kaleratu dutena- euskaltegira iritsi zirenean, lau ertzain aurkitu zituzten eskola atarian, eta LABeko delegatuarengana zuzendu ziren identifikazio eske. Euskaltegiko zuzendariak, Josune Barrenak, bere aurkako salaketa jarri zuela adierazi zioten orduan, lanean jazarri egin zitzaiola argudiatuta. Horretaz gain, Aranak telefonoa lapurtu ziola adierazi zien zuzendariak poliziei. Pixka bat geroago, udaltzainak ere, sirena eta guzti, euskaltegian azaldu ziren, zuzendariaren salaketa zela-eta. Azkenik, Barrena bera, kalekoz jantzitako bi poliziaz lagunduta, euskaltegian sartu eta gelaz gela telefonoaren bila ibili ziren.

«Tentsioa oso handia izan da», baieztatu zuen LABeko delegatuak. Zuzendariarekin ostegunean eztabaida izan zuela argitu zuen, aipaturiko langilea kaleratu egin behar zutelako, baina ez zela inolako jazarpenik izan. Lau ertzain, udaltzainak eta kalekoz jantzitako poliziak euskaltegian ibili ondoren, ondoeza egin zitzaion Aranari eta larrialdietara joan behar izan zuen. Lasaigarri bat eman zioten tentsioa oso goian zuelako.

PSOE-PP gobernu taldea

Atzoko gertaera «azken tanta» izan dela salatu zuen Aranak, Basauriko PSOE-PP gobernu taldeak euskaltegiko langileak «zanpatu» egiten baititu eta «presio sistema» latza erabiltzen baitute euren aurka.

Orokorrean, eta aspalditik, gobernu taldeak euskaltegiarekiko utzikeria handia duela salatu zuen: lokalen egoera kaskarra dela, Interneterako sarbiderik ez dutela, aurten bost ikasle talde kanpoan utzi dituztela, aurtengo behar ziren hiru langile ez dituztela kontratatu eta gainera orain bat kaleratu dutela.

Era berean, atzoko gertaeraren ostean, «zigortu egin nahi naute», esan zuen Aranak. Herriko Ezker Batuko zinegotzi batek ere «zure bila doaz» esan omen zion atzo. Hala, dagoeneko salaketa bat duenez, espedientea ireki diezaioketela, eta azken batean, zigor dezaketela salatu zuen, berak inolako errurik ez badu ere. Zentzu horretan, Barrena PSOEko senatari batekin ezkonduta dagoela-eta, «euren indar guztia gure eta orain bereziki nire aurka erabiltzen ari dira», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo