Duela 30 hamar urteko egun latzak badirau
Bihar, otsailak 13, Joxe Arregi zizurkildarraren heriotzaren 30. urteurrena izango da. Polizia espainolak egin zizkion torturen ondorioz hil zen hura egun latza izan zen -ez berak aurreko egunetan jasan zuen infernua bezain latza- Euskal Herrian. Baina 30 urte igaro eta gero ere, bihar egun latza izango da, data hura baino lehen bezala ondoren ere, baita 2011. urte honetan bertan ere. Estatu espainolean, eta euskal herritarrei dagokienez bereziki, tortura egia latza da. Jalgi Hadi elkarteak torturaren ondorio ikaragarriak azaltzen ditu gaur GARAk eskaintzen duen erreportajean; atzo bertan ezker abertzaleak salatu zuen tortura arma politiko gisa erabiltzen dutela; euskal gizartea zalantzarik utzi gabe agertu izan da praktika zital horren aurka. Hala ere, 7.000 euskal herritarren tortura salaketen aurrean, torturapean hildakoen aurrean, ukazioari eusten diote batzuek, are torturatua edo tortura salatzen duena auzipetzeraino.
Gobernutik edo kanpotik demokrazia lezioak eman nahi dituztenek, gainerakoei politikan jarduteko baldintzak ezartzen dizkieten horiek beren legeak ere ez betetzea, beren legeak urratzea eta urraketa horiek nabarmenak direnean ere ez ikertzea bitxia da; bitxia, legea betearazteko ardura duenak, tortura saihesten saiatu beharrean, hura babestea. Eta, batez ere, tristea, lotsagarria eta onartezina da. Latza.