GARA > Idatzia > Kultura

«Bestiario» antzezlanak fantasiazko animalien eta haur baten arteko harremana azaltzen du

M. LARRINAGA | IRUÑEA

Trotacomicos antzerki talde nafarrak izen berria hartu du, La llave maestra, eta horrekin batera antzezlan berria aurkeztuko dute gaur Nafarroako Antzerki Eskolan, «Golfos» zikloaren barruan, «Bestiario» izenekoa.

Gaiarre antzokirako egin zituzten hiru obra laburretako lehenbizikoan oinarritutako formatu luzeko antzezlana da. «Gorputz adierazpen lan bat da, testurik gabekoa, maskara antzerkia. Oinarria gorputza da, objektuen erabilpena», azaldu zuen Izaskun Mujika taldekideak. «Mutiko baten unibertsoaz hitz egiten du, haur baten eta fantasiazko animalien arteko harremanaz. Animalia hauek erraldoiak dira, beste mota batekoak».

Testurik gabeko obra da, eta eszena ezberdinez osatzen da, batzuk komikoak, besteak poetikoak, onirikoak... «Eszena bakoitzak bere kutsua izan dezan saiatu gara». Baina, Mujikak azaldu zuenez, adin guztietako jendeak ikusi zuen aurreko bertsioa, haurrak barne, eta «oso gustura» ikusi zuten. «Irudimen mundu batean sartzea bezalakoa da, oso erraz ikusten da».

Ezaugarri nagusia maskaren erabilera da «Bestiario» lanean. Plastikoa, papera, eguneroko objektuak erabili dituzte, baina beste erabilera bat emanez. «Ikerketa lan bat egin dugu paperarekin marmoka bat egiten ikasteko». Beraz, taula gainean ikusten den atrezzo guztia aktoreek egindakoa da, «goizean entsegua egiten genuen eta arratsaldean maskarak eratzen genituen», esan zuen Mujikak.

Ibilbide luzeko antzezleak

Taldea iazko ekainean sortu bazen ere, aktore bakoitzak banaka ibilbide luzea eta eskarmentua handia du. Taldea ikasteko eta lanbidean sakontzeko asmoz sortu zuten. «Testurik gabe lan egin nahi genuen, gorputzarekin». Gainera, elkarrekin maskarei buruzko ikastaro bat egin zuten Italian Alemaniako talde baten eskutik, eta bertatik sortu zitzaien maskarekin lan egiteko ideia.

Gaur estreinatuko duten «Bestiario» antzezlanean era askotako maskarak erabiltzen dituzte. Aurpegi osoko maskarak, gorputz osoa estaltzen dutenak...

Hitzartuta dituzten emanaldiak Nafarroan izango diren arren (Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira hilaren 20a bitartean eta apirilean Valtierran eta Tafallan antzeztuko dute), Euskal Herritik kanpora irteteko nahia ere badute taldekideek. Gainera, testurik ez duen lan batekin irteerak errazagoak izango dituztela uste dute, ez baitago hizkuntzak eragin lezakeen inongo ulermen arazorik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo