GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lanbide, eskumen txikikoa eta gabezia ugarikoa

Lakuako Gobernuaren enplegu zerbitzuak atzo egin zuen administrazio kontseiluaren lehen bilera. Lanbide berritu horrek, ordea, herren jaio eta herren jarraitzen du. Enplegu politika aktiboez ardura hartu duen erakundea izaki, eskumen handiko organismo gisa aurkeztu dute. Hala ere, euskal langile gehienak ordezkatzen dituzten sindikatuek erakunde horrek ez duela berezko enplegu politikarik salatu dute, eskumen falta dela-eta, hain zuzen. Izan ere, gogorarazi beharra dago enplegu politika pasiboak ez daudela transferituta. Enplegu zerbitzu hori herren dago ELA eta LAB sindikatuak Lanbiden parte hartu gabe jarraitzen dutelako, parte hartzeari uko egin ziotelako alegia, Madrilgo «gizarte elkarrizketa» hartan bezalatsu, Lanbide Gobernu espainolaren politikarekin bat egiteko eta, beraz, patronalaren interesak defenditzeko tresna baita. Eta Lanbide herren dago Confebask-ek kooperatibei ezarri zien betoa bere egin duelako. Bitxia da, inondik ere, kooperatibei enplegu zerbitzu batean parte hartzen ez uztea, non eta Euskal Herrian, enpleguaren parte handi bat ordezkatzen baitute. Lanbide distiratsu bat aurkeztu zuten, baina itxuraren azpian benetako, garrantzizko eskuduntzak baino gabezia gehiago daude. Baina, hori bai, euskal langileak nabarmen kaltetzen dituzten politika sozial eta ekonomikoak zuritzeko balio du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo