Joxe Austin Arrieta Ugartetxea Idazlea
«Labartzari agur»
«A zer muturrekoa hartu behar dugun, erreakzionatu ezean», dio Arrietak, «Txillardegi»-rekin solasean osatu duen artikuluan. Euskararen egoera aztertzen du, larritasun handikoa deritzona, begirada zorrotzez eta umore kaustiko ukitu batez. Artseniko-aztarnak aurkitu ditu Koldo Izagirrek euskararen gorputzean, eta Arrietak hari beretik tiraka euskararen bidean hurrengo geltokia «residualismoa» dela dio, eta honen hurrengoa, «Station Terminus», hizkuntzaren heriotza. Politikariak, baita abertzale independentistak ere, kritikatzen ditu. Amore emate kezkagarriak ikusten ditu, adorerik eza, egia deblauki adierazteko. Txillardegiri gorazarre eginez bukatzen du saioa, haren eredua eta bidea goratuz, «euskaltzainik osoen eta ohorezkoena» gisara aldarrikatuz; «hi etxerako, Txillar» azken hitzak erabiliz.
Zer iruditzen zaizu, Jose Luis? Gure defentsa-mekanismoak ez al dauzkagu oso makalduak? «Itsas orroa, galanta/eta barne asaldua, latza» esan genezake, zure pertsonaia Antton Dihartzegaraik, hamazazpi urtez Villacornejako espetxean atxilo atxikia izan ondoren, bere Labartzara libre-edo itzultzean, umetan sugandila- eta ziraun-ehizan ibili ohi zen labar-ertzean barrena paseatuz, dioen bezala.
Espainiak eta Frantziak gotorki diraute gure lehena, oraina eta geroa itotzen (eta ez da metafora abstraktua, ez horixe, Aztnugal).
Nazioarteko hamaika ahots seriok emana du bere ebazpena hemen pairatzen ari garenari buruz. Besteak beste, Unescok, gure hizkuntzari dagokionez.
Mende honetan desagertuko omen da euskara. Eta gu, hemen, ezinean. Katalana eta galegoa, bejondeiela, arriskutik at omen daude dagoeneko; UVI edo UCItik kanpo, behintzat. Baina gurea ez. Eta hemen, nik dakidala, ez da inolako lurrikararik gertatu. Lopez eta enparauen irainengatik protestatzeko bai, baina hortik aurrerako indarrik bai ote?
Artseniko-aztarnak kausitu ditu gure hizkuntzaren gorpu(tze)an Koldo Izagirrek ere, eta gu firurika, gehienbat. Erosoagoa da, nonbait, harako «zitezkeen munduetarik hoberenean» bizi omen garelakoa sinestea.
Ene, a zer muturrekoa hartu behar dugun, erreakzionatu ezean. «Muturrekoa», nolabait esatearren; «hondamendia» zehatzagoa litzateke; baina badakizu: jarrera «apokaliptikoak»-eta, «agonikoak»-eta, modatik paseak daude.
Gure intelligentsiaren tesia, «Euskara XXI» eta gisakoetan, edo, tesia baino areago, axioma -harrobiko Joseba Arregien ekarpenei negu-merkatuko Jon Juaristienak erantsiz, aurrerantzean, axiomago, inondik ere- badakizu zein den: ez, ezin da, euskara ezin da osoki eta osotara suspertu, hedatu, birgaitu. Gehienez ere, funtzio batzuetarako, egokiera batzuetan eta euskal hiztun-dentsitate handiko zenbait erreserba-modukotan (baina «erreserba» statusa bera ere ukatuz!) ahal izango dugu erabili gerora ere.
Hots, gaur bezala: hizkuntza bigarrendar, sasi-hautazko, intermitente, keinukari, liturgiko, ghettistiko gisa. Ederki eman ere. Horri, duela hogeita hamar urte, elebitasun diglosikoa deitzen zitzaion. Eta, orduan bezala orain ere, diglosiaren «hurrengo geltokia» residualismoa da, eta honen hurrengoa, Station Terminus, suntsipena, hizkuntzaren heriotza. Ernatuko ahal gara, horratik. Bestela, gureak egin du.
Eta gure politikariak? «Gureak» esatean, badakizu, Jose Luis, non kokatzen dudan galdera. Alderdi abertzaleetan. Eta, preseski -berez, «abertzale» kontzeptuaren zehaztapen honek pleonasmoa beharko lukeen arren-, independentziaren aldekoetan.
Bada, zer esango dizut. Hauxe, batez ere: ez garela aklaratzen.
Eta hauxe ere bai, korolarioki: Joxe Manuel Odriozolak arrazoi duela, goitik behera jipoitzen gaituenean. Euskara beti arlote. Euskara beti Errauskiñe. Gurean ere.
Gernikako Adierazpenean, ezpain-oholak oraingoz komuneko papertzat erabiltzen ari diren baina luza gabe espero dezagun askatasunerako arnasgarri gertatuko zaigun Carta Magna horretan, aipatu ere ez da egiten euskara.
Eta lehengo igandean, urtarrilak 16, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta ezker abertzaleak sinatu zuten Akordioan, «Berria»-k dioenez: «Tarte laburrena duten alorrak dira euskalduntzearena eta hezkuntzarena», hori bera aski esanguratsua izateaz gain, badago laburtasuna baino larriagoa iruditu zaidanik. Zera, helburuaren definizioa: «XXI. mendeko euskal gizartearen izaera kultur anitza errespetatuko duen herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herria sortzea». Hitz bat falta da hor. Adjektibo guztiz substantibo bat: ... herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herri... euskalduna. Ezker abertzaleak, aspaldidanik, halaxe formulatu izan du beti. Orain zer?... Pleonasmoa ekidin nahi izan dela? «Euskal Herria» bere jatorrizko zentzuan, «Euskara Herria» gisa alegia, ulertu behar dela?
Ez dakit, ba, ez naiz gehiegi fido. Amore emate kezkagarria dakusat nik hor, ohartua nahiz oharkabea. Adorerik eza, egia deblauki adierazteko: herri burujabe gisa biziko bagara, geure hizkuntzari bizirik eutsi behar diogula, eta berau biziko bada, hizkuntza hegemonikoa izan behar duela, derrigorrez. Bestela, hil egingo da. Eta hil egingo gara, beraz, euskaldun herri bezala (eta norteño nahiz grand bêret huts bilakatuko, zuk, Txillardegi, aspaldi iragarri legez).
XXI. mende gorrian, lurralde jakin batean, komunikazio-funtzio guztietarako, ezinbestekoa ez den hizkuntza batek ez baitauka bizirauterik. Agonia luzaraz geniezaioke, gehienez ere. Harik eta, halako batean, edozein Nebrijak (bertako «arditu»-«ahulkulariak» lagun, esango nuke, Izagirreren erara) arnasbiderako tutu-hodiak deskonektatzeko agin dezan arte. Dura lex, sed lex. Hori hala da. Ea, bada, aklaratzen garen, lagunok.
Zeren eta, hara, nik errespetu osoa diet politika antikapitalistari eta antipatriarkalari, baina, egia esan, asper-asper eginda ere banago euskarari beti trataera testimonial ia-folkloriko huts hori ematen zaiola ikusita.
Ikusten, Jose Luis? Zure eskolan hezi garenok beti berdin. Beti alamena ematen. Beti «Josetxo Kilkerra»renak esaten. Zeu zara horren kulpante; hor konpon, «Niake» jauna. Bai, hala deitzen dizut, neure kolkorako, behin baino gehiagotan.
Sekula ez baitut ahaztuko estreinako aldiz elkarrekin hitz genuenean gertatua. Artean ni hogeitaka urteko gizontto bizarpeitua, eta zu, berriz, sasoi beteko gizona -orain bezalatsu, baina gazteago, soilik-. UZEIren Esterlines kaleko egoitza zaharrean izan zen. Neure tesina erakutsi nizun. Gogoan ditut zure animoak, baita geroztiko zehaztapenak ere.
Baina ez noa horretara. Xehetasun honetara baizik: nik, normala zenez, zuka hitz egin nizun. «Nahi izanez gero, ekarriko nizuke grabazioa ere», eta zuk, nire perpausa etenez: «nizuke» ez, «niake». Alegia, horixe: hika hitz egiteko eskatu... hidala. Ezagutu eta berehala. Nola ahaztuko diat, ba. Baina gaur egun ere, Jose Luis, inori Berorika hitz egin beharko banio, jakin ezak hiri hitz egingo... «Niake»-ela, hain zuzen.
Higan, «Euskal Herri euskalduna» pleonasmoa delako. Hiretzat Euskara=Herria izan delako beti, sasi guztien gainetik. Hi bai, izan eta izanen, guretzat, euskaltzainik osoen eta ohorezkoena.
Hi etxerako, Txillar.