Maider Eizmendi Kazetaria
Ezer esan gabe dena esan dit
Ezin izan ditut ulertu edo, agian, ez ditut ulertu nahi izan; baina haiek ulertzearen garrantziaz gero eta gehiago jabetzen naiz. Iraganari penaz ez beste begiekin begiratzen ez dut ikasi. Ez da nostalgia, pena da, edo orain arte hala izan da behintzat. Begirada batek, begiak zabaltzea lortu baitu.
Barrenak astindu izan dizkit beti orain ez horrenbeste urte jaio zirenek bizi izan zituzten pasarte asko ezagutzeak, haurtzaroko pasadizoak, anai-arreben arteko harremanak, eskola-kontuak... Etxean galdetu eta entzun ditut haietako asko. Tristurarik gabe aritzen zaizkit hizketan eta, hala ere, niri gogorrak eta tristeak iruditzen zaizkit euren bizipen asko, jasanezinak, injustuak eta zentzu askotan erabakigarriak, euren izateko eta jarduteko modurako erabakigarriak.
Aspaldian, lan ezberdinak tarteko, adinean aurrera egindako emakume askorekin mintzatu naiz. Ez dut ukatuko, barne amorrua sentitu dut askok euren patuarekin erakutsi duten etsipenarekin. Benetan haserretu nau «guri hura bizitzea tokatu zitzaigun» behin eta berriz entzuteak. Konformatzen jakitea eta etsitzea ez baita gauza bera.
Euren hitzek, ordea, bizitza ibilbidean osatu dituzten irakaspenak lausotu dituzte kasu askotan; etsipenik gabeko etsiak baitira haietako asko, zirrikitu txikietan borrokan aritu direnak, etorri garenoi lurzorua leuntzen, bideak zabaltzen, aurrekoek egin zituztenak jarraitzen, maila batean edo bestean, indar handiagoarekin edo txikiagoarekin, kontzienteago edo kontziente izan gabe. Oihartzun eta iskanbila handirik gabe kasurik gehienean, ordea. Eta, hala ere, gazteagoen begietara makur, gehiago ez izanaren damuaz, akaso, eta, itxura batean, etsipenez ageri dira.
Penaz begiratzen nuenak pena begiekin begiratu nau eta horrek kolpetik aldatu dit eurak ikusteko nuen modua; hitzik gabe, lauso, begiradaz jarri dit moderno usainean bizi garenon etsipena muturraren aurrean, haien pare. Pentsakor begiratu nau, eta ezer esan gabe dena esan dit.