GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mikel Zabalzaren plaka jarri dute berriro Altzan, Udalak kendu ondotik

Donostiako Udalak herritarrek Altzan Mikel Zabalzaren omenez jarri zuten plaka kendu bazuen ere, auzokideek lehengo tokian jarri dute atzera. Hernanin ere, Javier Alberdi «Pastelero» zenaren omenezko plaka bigarren aldiz erretiratua izan dela salatu dute.

p015_f026688.jpg

GARA |

Iragan urtarrilean Donostiako Udalak Mikel Zabalzaren omenezko plaka kenarazi zuen Altzako frontoiko hormatik. Zabalza duela mende laurden Guardia Zibilak atxilotu eta torturatuta hil zen, eta bere omenezko plakak hogeiren bat urte zeramatzan leku horretan. Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi zuenaren arabera, ordea, Zabalzaren senideek eta Altzako bizilagunek plaka berreskuratzea lortu dute Udalarekin kontaktuan jarrita. Hala, larunbatean, Joxe Arregi hil zela 30 urte bete ziren egunean, atzera lehengo lekuan jarri zuten plaka.

Hernanin, bestalde, Javier Alberdi Pastelero-ren senide eta lagunek haren omenezko monolitotik ere bigarrenez plaka kendua izan dela salatu dute. Pastelero Euskal Herritik urrun, Togon deportatuta bizi izan zen, 1989ko otsailean hil zen arte. Hernaniko amnistiaren aldeko mugimenduak ohar bidez salatu duenez, «errepresioak hildako hernaniarrak gogoratzearen kontra, monolitoak kentzea, herri honen adierazpen askatasunaren eta errealitate den memoria kolektiboaren kontrako erasoa da». Estatuaren indarkeriaren ondorioz hildako pertsonak «errekonozimendurik gabeak» direla gogorarazi nahi izan zuten, eta askotan horien heriotzak estaltzeko «gezurrak» erabili izan direla salatu.

«Hainbatentzat batzuk bakarrik dira terrorismoaren biktimak. Baina errealitatea da, guztiak gatazka politiko baten ondorio direla, euskaldunon kontra erabilitako errepresioaren ondorio mingarriak. Guztiak ere Hernaniko memoria kolektiboaren parte», adierazi zuten.

Lapurreta Sopelan

Urtarrilaren hasieran Sopelan izandako gertakari baten berri ere eman zuen atzo amnistiaren aldeko mugimenduak. Hain justu ere, Sopelan presoekiko elkartasunez jarritako «espetxe solidario» bat «hiru kaputxadunek, eskuetan borrak zituztela» apurtu zutela salatu dute. Adierazi dutenez, «hirurak talde polizial bateko kideak ziren» eta «inpunitate osoz» aritu ziren. Hala ere, elkartasuna ez dutela geldiaraziko ziurtatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo