GARA > Idatzia > Mundua

SESB erori osteko pribatizazio uholde handiena hasi du Errusiako Gobernuak

Errusiako Gobernuak VTB banketxearen %10 saldu zuen atzo, 2.230 milioi euroren truke. «Arrakastatsutzat» jo zuten operazioa etorriko den pribatizazio uholdearen hasiera baino ez da, Sobietar Batasuna desegin zenez geroztiko handiena, eta 25.000 milioi euro utziko duena.

GARA | MOSKU

Vladimir Putin buru duen Errusiako Gobernua pozik agertu zen atzo, herrialdeko bigarren banketxerik handienaren %10 saldu eta gero. Moskuko Gobernuak VTB bankuaren %85,75 zuen kontrolpean, eta atzo burututako operazioarekin, 2.230 milioi euro poltsikoratu ditu.

«Krisiaren ondotik Errusiako merkatuak egin duen inbertsiorik arrakastatsuena» dela esan zuen Kremlineko Kabineteak, Ria Novosti berri agentziak zabaldutako ohar baten bidez. Ez da, ordea, hori bakarrik, atzoko sinadurak pribatizazio prozesu baten hasiera, SESB erori zenaz geroztiko handiena, irudikatzen duelako.

Gobernuak ez zuen akzioak nork erosi dituen ezagutarazi, baina atseginez hartu zuen «lehen aldiz Europa, AEB, Ekialde Ertain eta Asiako enpresa ezagunek diru kopuru hori Errusiako ekonomian inbertitu izana».

Ekialdeko herrialdeek Errusiari kritika ugari egiten dizkioten arren, inbertitzaileentzat erakargarria izaten jarraitzen duela erakusten du atzo burututako operazioak; hala adierazi zuen behintzat Gobernuaren hurbileko iturri batek, Interfax agentziaren arabera.

Bi aurpegi

«Bai, noski, alde batetik, «Jodorkovski auziarekin» lotutako kritikak entzuten ditugu, eta Davosen Errusiako negozioen egoeraren inguruko purrustadak botatzen dizkigute», azaldu zuen iturri anonimoak.

«Baina Rosneft eta BPren arteko aktiboen trukaketaz (urtarrilaren 14an iragarritakoa) edo akzio eskaintzak gaurkoa bezain erakargarriak direnean, inbertitzaileek birritan pentsatu gabe jokatzen dute», gaineratu zuen.

Ez da seinale txarra, Moskuko Gobernuak etorkizun hurbilerako dituen pribatizazio planak (2011-2013) aintzat hartuta. 90eko hamarkadaz geroztik egingo den pribatizaziorik handienak Errusiaren modernizatzea ahalbidetzea eta defizita jaistea ditu helburu.

Krisiaren ondorioak nabarmenak izanagatik, herrialde guztietan bezalaxe, ez die errusiar guztiei berdin erasan. Izan ere, munduaren erdia kinka larrian zegoen bitartean, multimilioidun errusiarren kopuruak gora egin zuen 2010. urtean, «Finans» aldizkariak plazaratu zuenez.

Argitalpenak urtero egiten duen pertsona aberatsenen sailkapen horrek erakusten duen legez, Vladimir Laissine (Novolipetsk altzairu enpresaren zuzendaria) da, beste behin, dirutza handiena duen errusiarra. Are gehiago, 55 urteko enpresa-gizonak mugak hautsi zituen 2010ean, bere aberastasuna 1,5ean biderkatuta. Egun 21 milioi euro dituela uste da.

JODORKOVSKi

Yukos petrolio enpresaren sortzaile eta oposizioko kide Mikhail Jodorkovskiri 13 urteko kartzela zigorra ezartzen zion sententzia inposatu egin zioten Viktor Danilkin epaileari, Moskuko auzitegitik idatzita bidali ziotelako, Danilkinen prentsa idazkariak atzo jakinarazi zuenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo