Kulturaren Euskal Kontseiluak 2011ko lan plana idazteari ekin dio
Kulturaren Euskal Kontseilua Bilbon bildu zen atzo eta talde eragileak martxan jartzea onartu zuen. Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua osatzeko jasotako 700 ekarpenak aztertu zituzten eta, martxoaren bukaerarako, hori guztia dokumentu batean aurkeztea espero dute.
GARA | BILBO
Lakuako Gobernuaren kultura politikak gidatuko dituen Kulturaren Aldeko Herritartasun Kontratua osatzeko, Kulturaren Euskal Kontseiluak bilera egin zuen atzo Bilboko Euskalduna jauregian. Bertan, talde eragileak lanean hastea onartu zuten eta Erakunde Arteko Batzordeak idatzi beharreko dokumentua martxoa bukatu aurretik prest egotea espero dute.
Herritartasun Kontratuaren lehen zirriborroari 700 ekarpen inguru egin zaizkiola adieraz izuten Blanca Urgellek gidatzen duen Kultura Saileko ordezkariek, eta guztiak atzoko bileran aztertu zituzten; horietatik %75 ekintza-plan eragileei buruzkoak izan dira, eta beste %25ak, dokumentu teorikoari buruzkoak.
Ekarpen horietatik ia erdiak Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako aldundiek egin zituzten elkarrekin osatutako eta joan den hilaren bukaeran aurkeztutako txosten baten bidez. Bertan Lakuari «lehenbailehen» lanean hasteko eskatzen zioten eta euskara lehenesteko ekimenak proposatzen zituzten, besteak beste.
Kultura Sailaren esanetan, «bileran oso positiboki baloratu da bai ekarpenen maila bai beraien hizkera eta edukien aberastasuna ere. Nabarmentzekoa da %65 kontseilukideentzat berariaz prestaturiko wiki-aren bitartez iritsi dela», azaldu zuten bileraren ostean prentsa ohar bidez.
Lan taldeak
Erakunde ezberdinetako lau lagunek osatutako taldeak idatziko du 2011ko lan plana eta haren konpromisoa izango da, «ahal den neurrian», martxoa amaitu baino lehen esparru teorikoaren gainean egindako ekarpenak aintzakotzat hartzea.
Atzo erabakitakoaren arabera, talde sektorialez gain, zeharkako talde ugari sortuko dira -gazteak eta kultura, sormena, berrikuntza, euskara, genero politikak eta kulturartekotasuna gaiak jorratuko dituztenak-, eta urte osoan 45 lan-bileratik gora egingo dituztela aurreikusi dute.
Aurten gutxienez Erakunde Arteko Batzordearen bi bilera egin nahi direla adierazi zuen Kultura Sailak, bai eta Kulturaren Euskal Kontseiluaren bilera bat ere, egindako lana ebaluatzeko eta 2012rako plana ontzat emateko. Kontseiluak wikia erabiltzen jarraituko du lanerako, eta bertan bilduko dira taldeen ebaluazioari buruzko informazio guztia, dokumentazio lagungarria eta kideek egiten dituzten ekarpenak.