GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko piano-jotzaile gazteak elkartuko dira Andoainen

GARA | ANDOAIN

Seigarren urtez, Andoaingo Bastero Kulturgunean Euskal Herriko piano-jotzaile gazteen topagunea ospatuko da, Andoaingo Udalak eta Seiasle elkarteak bertan antolatu duten piano jaialdiaren karietara. Ospakizuna asteburu honetan izango da, hilaren 19 eta 20an, 9.30etik 19.30era.

Aurten berrikuntza bat dakar jaialdiak. Izan ere, orain arte, parte hartzaileek ezin zuten beren kategoria baino maila baxuagoan parte hartu, baina oraingoan bidezkoa izango dute minusbaliotasunen bat duten ikasleek txikiagoekin lehiatzea.

Guztira 872 piano-jotzaile bilduko dira, 6 eta 18 urte artekoak, baina gehiengoa 10 eta 13 urte bitartekoek osatzen dute. Halaber, Gipuzkoa, Bizkai, Araba eta Nafarroako musika eskolek hartuko dute parte, 77k guztira. Bi kategoria egongo dira: bakarkakoa eta lau eskutara jotzekoa, eta hauek adinaren arabera banatuko dira.

Txapelketa den arren, jai giroa oinarrizkoa du ospakizun honek. Hori dela-eta, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak banatuko zaizkio parte hartu duen ikasle bakoitzari. Hala, lehiakortasunak bere garrantzia duen arren, norbere buruarekiko lehiakortasuna bultzatu nahi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo