GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Txokoetako bazkideak lagun helduak dira

Ez dira ados jarri Lakuako eta Madrilgo Osasun arduradunak. Lakuako Osasun sailburu Rafael Bengoak elkarteen legearen arabera erregistratuta ez dauden txokoetan Tabakoaren Legeak ez duela eraginik izango zioen aldi berean, Osasun Ministerio espainolak argi utzi zuen legeak elkarte gastronomiko eta txoko guztietan erretzea debekatzen duela. Gasteizko Gobernuak, beraz, Tabakoaren Legea gogortzeko baino ez du tarterik.

Interpretazioak interpretazio, ez dirudi egokiena leku pribatu batean legea aplikatzea, arrazoizkoena tabakoaren gaineko araudia elkarteetako bazkideek berek adostea baita, dagoeneko Euskal Herriko hainbat elkartetan egin duten bezala, erretzea edo ez -edota non erre eta non ez- erabakita. Zentzuzkoa eta beharrezkoa da herritarren osasuna babestea -eta ez tabakoaren eraginetik bakarrik-, baina kontuan izan behar da elkarte gastronomikoetako bazkideak lagun helduak direla eta bertan sortzen diren arazoak konpontzeko gaitasuna dutela. Elkarteetan lan egiten duten lagunak babesteari dagokionez, egokia dirudi neurria; hala ere, lagun horiek -esate baterako, garbiketaz arduratzen direnak- lan egiten dutenean ez dute erretzailerik inguruan, eta hala izango balitz ere, konpontzen erraza izango litzateke. Legeak, arauak, bizikidetza hobetzeko egin behar dira. Arazoak konpontzeko, ez arazoak sortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo