GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Aitortza

Ez dakit zergatik tematzen garen besteekin egoten, ez badakigu zinez gugan zer sortzen duten aitortzen. Alegia, besteek ongi sentiarazten gaituztela. Ongi sentiarazten nauzu. Pentsa ezazu noiz izan zen halakorik esateko gai izan zinen azken aldia. Besteekin elkartzean elkarrizketa fiktizioak izaten ditugu. Nahiko genukeenaren ordezko mezua helarazten dugu, nahiko genituzkeen hitzen ordezkoak erabiliz. Batzuetan gauza serioak izan daitezke, besteetan, txorakeria izugarriak. Futbolaz hitz egitea, adibidez. Hori baino gauza inozoagorik nekez aurkituko duzu. Baina nik anaia zaharrenarekin sarritan hitz egiten dut futbolaz, bereziki Athletici buruz. Eta ez da Athleticekiko interesik txikiena dudalako, ez horixe. Baina ez dut jakiten zinez nahi dudana nola esan. Norbaitek hitzak patrikatik kendu izan balizkit bezala. «Ongi sentiarazten nauzu, patxadatsu, seguru», esan beharko niokeen, baina, horren ordez, Koikili hasierako hamaikakoan zelairatu zela esaten diot. Gertukoenak izaten dira geure moztasunaren biktimarik ohikoenak. Hitz gutxiko agertu ohi gara haiekin. Beharbada, zerbaitek esaten digu gure hitzek jada ez dutela lehen balio zutena balio, ugertuta daudela, kamustuta. Eta halako nagikeria sentitzen dugu, errezeloa baitaukagu esaten duguna itxuroso esaten ez dugula asmatuko. Lotsatu egiten gara, geure buruaz errukitu. Eta ergelkeriak esaten ditugu etenik gabe. Denborarekin, gure harremanek ergelkeria horien tankera hartzen dute, eta geure unibertsoa osatzen dute, geure bizitza bera. Urteak joan ahala, gero eta handiagoa da esan nahi genuenaren eta esaten dugunaren arteko amildegia, hain handia, ze beste aldean utzitako hitzak apenas gogoratzen ditugun… nola zen? A, bai: hain ondo sentiarazten nauzu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo