GARA > Idatzia > Ekonomia

Hipotekadunak babeste aldera legeak alda ditzatela eskatu du EAk

Hipoteka maileguen titularrak bankuen eta aurrezki kutxen «gehiegikerietatik» babesteko legea aldatu behar dela uste du EAk. «Zoruaren klausula» ezabatu behar dela eta mailegua ordaindu ezin dutenek etxebizitza emanda zorra kitatzeko aukera izan behar dutela esan du.

GARA

Hipoteka maileguen titularrak «bankuen eta aurrezki kutxen gehiegikerietatik» babesteko legea alda dezala eskatu zion atzo Eusko Alkartasuneko (EA) parlamentari Juanjo Agirrezabalak Gobernu espainolari, Gasteizko Parlamentuan erregistratu zuen idatzi baten bidez.

Hala, «muturreko kasuetan» mailegua ordaindu ezin duten herritarrentzat, etxebizitza bankuari emanda zorra bertan behera gera dadin legea aldatzea defendatu zuen Agirrezabalak atzo Gasteizen egin zuen prentsa agerraldian. Era berean, «zoruaren klausula» ezabatu egin behar dela esan zuen.

Klausula horrek gutxieneko interesa ordaintzeko obligazioa ezartzen dio mailegua duenari, Euriborra tasa horren azpitik egonda ere. Agirrezabalak esan zuenez, klausula hori dela-eta, milaka familiak ez diote etekinik ateratzen Euriborraren jaitsierari.

Guzti horregatik, arauz besteko proposamenean, hipoteken alderdi horiek arautzen dituzten legeak alda ditzala eskatu dio EAk Gobernu espainolari.

Zehazki, banku eta kutxek hipoteketan sartzen dituzten «zoruaren klausulak» arautzeko, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorra aldatzea proposatu du EAk, modu honetan eragotziko bailitzateke, Agirrezabalak esan zuenez, hipoteka hauen titularren aurkako abusuak. «Klausula hauekin bankuak edo kutxak gutxieneko interesa bermatzen du Euriborra beherago egon arren, eta ondorioz, bezeroek ezin diote Euriborraren jaitsierari bere osotasunean etekina atera», salatu zuen.

Era berean, hipotekak ordaindu ezin dituzten familiek etxebizitza emanez duten zorra kitatzeko aukera izan dezaten Prozedura Zibilaren Legea eta Hipoteka Legea aldatzea proposatu du Eusko Alkartasunak. Hain zuzen, Britainia Handian, Estatu frantsesean nahiz Alemanian halaxe egiten dute.

Zigorra BBVAri

«Zoruaren klausulei» dagokionean, Sevillako epaitegi batek baliogabetzat jo dituela nabarmendu zuen Agirrezabalak. Hain justu, Sevillako merkataritza-arloko 2 zenbakiko epaitegiak behin-behineko zigorra ezarri die BBVAri, Galiziako Aurrezki Kutxari eta Cajamar-i eta «zoruaren klausulak» ken ditzatela agindu die.

Ausbanc elkarteak 2010. urteko ekainean aurkeztu zuen sa-laketa baten emaitza da aipaturiko epaia, baina oraingoz behin-behinekoa da BBVA, Galiziako Aurrezki Kutxak eta Cajamar-ek helegitea aurkeztu baitute.

KLAUSULA

«Zoruaren klausula» delakoaren bidez bankuek eta aurrezki kutxek gutxieneko interesa ordaintzeko obligazioa ezartzen diote mailegua duenari, Euriborra tasa horren azpitik egon arren. Berriki, Sevillako epaitegi batek halako klausulak baliogabetzat jo ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo