Iruñean jantziko du txapela aurtengo Nafarroako bertsolari txapeldunak
GARA | IRUÑEA
Tafallan abiatu, eta Iruñeko Labrit pilotalekuan bukatuko da berriz, ia bi hamarkadaren ostean, aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa. 40. edizio honek 27 partaide izango ditu, iazko kopuru bera, baina ez bertsolari berberak; bost lehiakidek lehen aldiz parte hartuko dute, eta iaz atseden hartu zuen Xabier Silveira ere bertan izango da.
Ardo gorriari keinu eginez, «Ondu. Dastatu» leloa aukeratu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. «Bertsolaritzaren bi alderdi nagusiak bildu nahi ditu. Batetik, sortzailearena, bertsolariarena. Bat-bateko jarduera izanda ere, hitzak ondu behar du barnean. Bigarrena, entzulearena. Bertsoa ez da besterik gabe barneratzen den zerbait dastatu egin behar da, dituen zapore eta kolore guztiak hartzeko», esan zuen atzo Lorea Arburua elkarteko eragileak.
Finala, beraz, Iruñean izango da apirilaren 9an eta zortzi bertsolarik kantatuko dute bertan. Aurrez, beste zazpi saio jokatuko dira eta parte-hartzaile kopuru handiaren ondorioz, iazko sailkapena kontuan izanda, Oskar Estanga, Estitxu Arozena eta Julio Soto zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetara.
Lehenengo kanporaketa larunbat honetan izango da Tafallan eta igandean Irurtzunen bigarrena jokatuko da. Datorren asteburuan, Doneztebe eta Berriozarren izango dira azken kanporaketak. Finalaurrekoak Beran (martxoak 12), Leitzan (martxoak 19) eta Elizondon (martxoak 26) izango dira.