GARA > Idatzia > Kultura

Deptford auzoko trena: eraberritzearen sekretua

1960ko hamarkadan militarren zerbitzuak betetzeko erabiltzen zen trena dugu egun Londresko Deptford auzoko kale nagusian (121-123 Deptford High Street) kokatuta dagoen kafetegia eta bertako komunitatea elkartzea xede nagusi duen topaketa gunea.

p057_f01_68x108.jpg

Maider LACALLE

The Deptford Project (http://www.thedeptfordproject.com/) delakoaren sortzailea Rebecca Molina da. Aita boliviar jatorrikoa du, nahiz eta Rebeccak berak bere nahigaberako gaztelaniaz ez dakien. «Oraindik ere errailen gainean egoteak jendeari mugikortasun kontzeptua ekartzen dio burura, mugituko dela alegia». Hori, Molinaren ustez, garrantzitsua da edozein eraberritze proiektutan. Iraunkortasuna haustea eta dinamismoa erakustea ezinbestekoak dira komunitatea etengabe garatzen ari dela islatuko bada.

Hasiera batean zailtasunak izan zituen Molinak trenen inguruan adituak ziren jarraitzaileak proiektuarekiko jarrera ona izan zezaten. «Bagoi hau aukeratzea prozesu zaila izan zen; hainbeste zeuden, ezen denak ekarri nahi genituen. Tren-zaleak gurekin harremanetan jarri ziren (Molina eta bere taldearekin) eta haserre zeuden oso bagoiko eserlekuak kendu egin genituelako». Behin proiektua bukatuta zegoenean, euren begiez ikustera gonbidatu eta orduan konbentzitu zituzten eszeptikoak.

The Deptford Project-en hastapenak antzeko beste proiektu batean ikus ditzakegu. Molinak, Deptford-en denbora luzez bizi izan denak, pasio handia zuen (eta oraindik ere sentitzen du) bere komunitate eta auzoarekiko. Egun, RSVP London (http://www.rsvplondon.co.uk/) izenez ezagutzen dena sortu zuen 2004an RSVP Deptford izenpean. «Oso auzo sutsua genuen, baina jende askok ez zuen elkarren berri; esaterako, Deptforden margolariak zeuden, zeintzuk Londresko erdialdera bidaiatzen zuten marko egileen bila, jakin gabe hementxe ere bazirela. Horregatik sortu genuen proiektu hau». RSVP Deptford ideiaren atzean, beraz, bazen helburu bat, auzolagunek elkar ezagutzea, hain zuzen.

Ordudanik, besteak beste, Udalak eraberritzearen inguruan Molinaren iritzia eskatu du behin baino gehiagotan. «Eraberritzearen estigmetako bat da kaltegarria dela, aldaketa dakarrelako eta aldaketarekiko orokorrean beldur handia dagoelako. Guk ikuspuntu hori aldatu nahi izan dugu behin eta berriro gure proiektuen bitartez, auzoko jendea inplikatu nahi zuen luzaroko proiektu bat sortzeko», eta horrelaxe sortu zen The Deptford Project.

Cathedral Group Plc konpainiak burutu zuen egitasmoa Molinaren ideiak jarraituz. «Luxuzko gunea sortu ordez, zeinak komunitatearekin erlaziorik batere izango ez zuen, jendearen topaketa bultzatzen duen espazio komun bat sortu dugu». Mugikortasunaren kontzeptuari erreparatzen badiogu (trena izateaz gain, errailen gainean kokatuta dagoela eta honek mugituko dela iradokitzen duela, alegia), ironikoa da badu aldi baterako sortu zen proiektua orain luzerako izaera bereganatzeko bidean izatea: «Izugarria da proiektuaren arrakasta hain era zuzenean ikustea».

Auzoan izan duen eragina ikusita -trena kokatuta dagoen Kale Nagusian ibiltzen ez zen jendea hasi da bertaratzen eta bertako merkatuan produktuak erosten- proiektu berriak ditu Molinak Deptford-erako. Horien artean, gune didaktiko berde bat. «Deptforden pobrezia handia dago eta gune publikoetarako heltze mugatua. Gehiengoa pisuetan bizi da eta ume asko ez da kalera ateratzen, eskolara joateaz kanpo», adierazi du, «horietako askok ez dakite patata frijituak nondik datozen ere». Hortik datorkio ingurune berde baten beharra, umeek ingurumena hobeto ezagut dezaten. Azaldu duenez, gainera, eta Udala aurrekontuak kontsumituko dituen ideietan inbertitzeko prest ez dagoenez, gune hauek denak mugikorrak izango lirateke eta leku batetik bestera garraia daitezke arazo handirik gabe.

Molinaren ustea da Udalak ez duela egin behar lukeen guztia komunitatea eraberritzeko eta Deptford londrestarren artean promozionatzeko. Asmo ona duela dio, baina kanpora begira pentsatu ordez, barrura begira burutzen dituzte erabakiak hartzeko prozesu gehienak. «Aurreko Gabonetan noria handi bat ekarri nahi zuten, baina horrek ez du ezertarako balio. Ez dago ideia handirik eta horrek tristatu egiten nau benetan. Elkarlan handia behar da eta Udalak eraberritze gaien inguruan ezagutza dugunongan sinestea ezinbestekoa da». Hori da, zehazki, arrakasta izango duten eraberritze proiektuak sortzeko sekretua.

Nola ez eraberritu

Molinak badaki ospe handiko auzoko unibertsitateetan (Goldsmiths College eta Trinity Laban Conservatoire of Music and Dance, esaterako) ikasi ohi zuten ikasleak oraindik ere bizi direla Deptford-en eta horrek izaera artistiko berezia ematen diola auzoari. «Eraberritzearen estigma negatiboa zonaldeak burgestu egiten direnean sortzen da. Orduan komunitatearen izaera galdu egiten da». Zaila izaten da «kulunka mantentzea», Molinak berak dioen bezala, dirua auzora erakartzea ere beharrezkoa delako. «Ez nuen Starbucks Coffee bat ikusi nahi The Deptford Project orain dagoen lekuan. Ez nago esaten Starbucks txarra denik, baizik eta hura ez litzatekeela izan beharko eraberritze prozesuan sortzen den lehen gauza». Beraz, udalek, lehentasuna milioi askoko kontratuetatik dirua ateratzea izateaz gain, garaia da komunitatea inplikatzen duten proiektuak sortzeko «sortzaileak» bildu ditzaten. M.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo