GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Iruñeko Eguzki Irratiak programazio berria abiaraziko du gaur

Iruñeko Eguzki Irrati libreak programazio berritua eskainiko du gaurtik aurrera bere entzuleentzat eta denboraldia amaitu arte egitura berbera mantenduko du. 35 irratsaio izango ditu orotara eta uhinak astintzen jardungo dute goizeko zortzietatik gauerdira arte.

GARA | IRUÑEA

Berrikuntzen artean, azpimarratzekoa da bi irratsaio berri izango direla. Alde batetik, asteazken arratsaldetan, 19.00etatik aurrera entzun ahal izango da «Hankaz gora», gazte giroko magazina, mota guztietako informazio eta elkarrizketak bilduko dituena. Eta, bestetik, ostegun arratsaldetan, 18.00etatik aurrera «Rebel musik» izeneko irratsaioaren txanda izango da. Bertan musikaren historiaren inguruko ibilbidea egingo dute, baita gizartean izandako aldaketekin izan dituen loturak ere.

Horrez gain, «Irauli uhinak» Arrosa sareko nazio mailako gazte magazina itzuliko da, ostegunero gaueko hamaiketatik aurrera.

Bestalde, Eguzki Irratiaren programazioa astelehenetik ostiralera goizeko zortzietatik gauerdira arte etenik gabe zabalduko dela jakinarazi zuten arduradunek. Astebururo, berriz, 10.00etatik 18.00etara eta 20.00etatik 24.00etara entzun ahal izango dira irratsaioak. Guztira 35 saio eskainiko ditu Iruñeko irrati libreak, mota guztietako edukiekin, musikarekin... guztiak euskaraz.

Horietatik 21 Eguzki Irratian bertan egindakoak dira, besteak Euskal Herriko beste irratietan egindakoak, Arrosa sarekoak.

Horrez gain, www.eguzki.net webgunearen bidez, munduko edozein txokotan entzun ahal izango da Eguzki irratia, zuzenean edo podcast bidez.

Egitasmoaren biziraupena bermatzeko, «guztion laguntza ekonomikoa» ezinbestekotzat jo zuen taldeak. «Oraindik ez gara iritsi 500 `eguzkide' izatera eta kopuru hori lortu nahi dugu antenan izaten jarraituko dugula ziurtatzeko», esan zuten. Hala, «eguzkide» egiteko bideak honako hauek dira: webguneraren bidez edo 948-203258 telefonora deituta.

35 SAIO

Guztira 35 saio eskainiko ditu Iruñeko irrati libreak, mota guztietako edukiekin, musikarekin... guztiak euskaraz. Horietatik 21 Eguzki Irratian bertan egindakoak izanen dira, eta gainontzekoak Euskal Herriko beste irrati batzuetan sortutakoak, Arrosa sarekoetan, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo