GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Eredu negargarria...

Azken asteetan ez dugu argudiorik bilatu beharrik frantses Gobernuaren norabide eza, interes pertsonalen babesen aldeko lanen frogak, dirudunen aldeko laguntza, despotekiko adiskidetasunaren frogatzeko

Hau nahasmendua! Azken asteetan ez dugu argudiorik bilatu beharrik frantses Gobernuaren norabide eza, interes pertsonalen babesen aldeko lanen frogak, dirudunen aldeko laguntza, despotekiko adiskidetasunaren frogatzeko. Argudioak heldu zaizkigu parrastaka, informazioa hedatzen ari da etengabe hain lotsagabeki txikien interesak zangopilatzen diren. Urteak ziren «Le canard enchainé»k ez zuela hainbeste informaziorik lortu. Astekaria, kioskoetan soilik salgai eta Interneten laguntzarik ez duena, osasuntsu bizi da gaurko frantses Gobernuko kideek egiten dituzten gehiegikeriei esker. Ia-ia dena errana eta ia-ia dena egina izan da pentsatzeko Gobernu hau bere azkenetan dagoela, zerbait gertatuko dela, horrela ezin baita jarraitu.

Arabiar herrialdeetara begira jartzen gara eta, finean, iraultza bat bultzatzea oso erraza ematen du. Bat-batean iraultza bat, bi, hiru, lau eta gehiago sortzen ikusi ditugu eta bi bederen diktadorea botatzen. Urrundik begiratuta ematen du plaza bat okupatzea aski dela arramoldaketa politikoaren lortzeko. Oposizioak elkartzen dira, zentsu berean aritzea erabakitzen dute eta lortzen dute. Noski hildakoak eta zapalketa bortitza jasan dute, prezio altua pagatua da, haatik, aldaketa handia da urtetan zapalduak izan diren herriek hitza berreskuratzen dutelarik. Zergatik ez da horrelako determinaziorik erakutsi Frantzian erretreten erreformaren aurkako mugimenduetan? Uste al dugu hemen demokraziaren goi mailan gaudela eta arabiar lurraldeetan ez dutela inoiz gure mailako demokraziarik lortuko? Segur aski Frantzia eredu gisa baizik ez baitu bere burua ikusten! Frantzia ikasgaiak ematen usatua da, ez du uste ereduak beste herrialdeetatik etor litezkeenik.

Eredu, eredu, hau eredu negargarria! Bigarren Mundu Gerra garaian sortu zen erresistentziaren irudiaren uhainaren gainean bizi dena. Izan ere, geroztik, Indotxinatik hasiz, Aljeriako gerratik pasatuz, Vichyko gobernua ahantzi nahian, kolaborazioa gordez, eskuin muturreko indarra parean dugula, Frantziaren eredua puztua izan da eta airea galtzen ari da. Noski, urte guzti horietan militante asko lanean eta beste eredu batzuk sortzen aritu dira, baina horiek gutxiengoa izan dira. Haatik, ordezkari bozkatuak herri gutxituen hizkuntzak gutxiesten eta desagerrarazten ari dira, gure begien aurrean, eta agintean direnek politika zapaltzailea egiten dute.

Euskal idazle batek zioen azken asteetan frantses gizarteak erorketa morala bizi duela. Euskal Herriarekiko duela berrehun urte pasa erorketa morala erakusten duela, etengabe tresna berriak sortzen dituela herri hau itotzeko. Kultura guztiak handiak dira, mundua kolore anitzetakoa dela erakusten dute. Besteei tokia uztea eskuzabaltasuna erakustea da. Ez dakit frantses kulturak eskuzabaltasun hori duenik. Gaur egun ikusten dena da aitzineko urteetako jarraipena baizik ez dela.

Gure indar guztiekin euskal kultura bultzatzen, garatzen jarraituko dugu, gurea frantses kultura bezain erakargarria baita. Gure herria eraikitzeko bidean, estatua sortzeko bidean beste eredu batzuen hartzeko lotsarik ez dugu izanen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo