Ciao, Berlusconi
Epaitu egingo dute, Justizia saihesteko amarru berririk prestatu ezean. Despistatu nahian badabil ere, puritanismo eta konplotaz jardunda, delituak burutu dituelakoan. Horretara eraman baitute bere apetak eta gehiegikeriek.
Hala ere, Berlusconiren inguruan doktorego-tesia egin badaiteke ere, ikusi ahal izan dugun argazkiari heldu nahi diot, Italiatik etorria esanguratsua baita. Izan ere, bazen garaia bertako emakumeek, elkar hartuta, euren duintasuna aldarrika zezaten. Alderdi politikoak alde batera utzita, emakume izaera ardatz. Denak arrazoi beragatik bat eginda; batetik, Italian emakumeari ematen zaion irudia eta tratua salatzeko, eta bestetik, behar bezala ordezkatuko dituen agintaritza exijitzeko. Aurrenaren sustatzaile eta bigarrenaren kontrakoaren eredu ezin hobetzat, Berlusconi ikur hartuta.
Izan ere, harrigarria da Italiaren kasua. Herrialdearen gidaria den hori bertako aberatsena, enpresa-gizona, negozioei dagokienez epaiketa eta eskandaluek inguratua, ia telebista-kate guztien jabea, transmititu eta zapaldu beharreko balioen zentsorea, bere eta bera bezalakoen burua babesteko legeak egin eta aldatzeko ahalguztiduna, bere buruaz maitemindua, boterea bere on beharrez eta gozamenerako baliatzeko inolako eskrupulurik gabea, matxista hutsa... Berlusconik agintaria izateko ez beste guztirako dituen ezaugarriak amaigabeak dira. Luzaroan ari da, ordea, Italia gobernatzen, hauteskundeak irabazita, galduta, berriz ere irabazita, bertan mantentzeko beste alderdietako iheslariak erakarrita, estutasunak irudika daitezkeen trikimailu politiko eta juridiko guztiei helduz behin eta berriz saihestuta, eta izpirik aldatu gabe, gainera, antzinako enperadore bat bailitzan, jarrera harro, lotsagabe eta apetatsuaz.
Horregatik guztiagatik, txundigarria iruditu zait beti Italiako biztanleen axolagabekeria, behin eta berriro hauteskundeetan erakutsitako hautua, baina ororen gainetik, emakumeen isiltasuna. Are gehiago, azken urtebetean azaleratu eta egiaztatu den guztia kontuan hartuta; festa, orgia eta haragikeriaz harago, gazteak erabiltzea, erosteko merkantzia izan daitezen bultzatzea, isiltasunak eta aitortzak erostea, boterea horrela darabilena eta boteretik emakumeen halako zapalkuntza onartu eta balioetsiko balute bezala.
Dagoeneko uste nuen azken urteotan irentsarazitako kulturak, Berlusconiren telebistak hedaturikoak, Berlusconik berak bere jokabidearekin erakutsitakoak, emakumea gizonezkoen apaingarri eta gozamen-iturri huts bihurtuta, gaztetasuna eta edertasuna baino ez balizko ezaugarri bilakatuta, hutseratuta zituela barrutik bertako emakumeak, gizarte osoak txintik esan gabe onarturikoaren kontra egiteko gogoa eta kemena itzalita. Dagoeneko uste nuen Il Cavalieri esperpentoak eta bere gorteak irabazita ziela emakumeei beren irudi eta aukera duinen borroka.
Baina ez jauna. Berlusconismoa arrakalatzen hasita dago, zalantza barik, Italia mugitzen hasi da, eta espero dezagun herritarrentzat, eta bereziki emakumeentzat, bestelako agintaritza duinagoa etortzea.