AIZKORA Urrezko lehiaketa
Azurmendi eta Atutxa ere final handian izango dira
Donato eta Ohian Larretxea, egungo txapeldunak, mendean hartu dituzte finalerdietan.
Jon LEUNDA
Donato eta Ohian Larretxeak, egungo txapeldunek, ez dute aurten txapelik jantziko, atzo Azurmendiren eta Atutxaren aurka jokatutako finalerdia galdu egin baitzuten. Azken hauek datorren igandean jokatuko dute finala Mugertza II.aren eta Arrospideren aurka.
Sei lan izan zituzten aizkolariek. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Hori Azurmendik eta Atutxak irabazi zuten, enborra 32 kolpetan erdibituta, lauren aldea kenduz. Gero, kana-erdikoa zutik moztu behar zuten, eta proba horretan larretxeatarrak izan ziren onenak, enborra minutu eta 25 segundotan moztuz, eta aurkariei bederatzi segundoko tartea ateraz. Hirugarren lanean, erlojuaren kontra bi 45 ontzako moztu behar zituzten, eta hori nafarrek irabazi zuten. 1.41 izan zen egin zuten denbora, lau segundogatik irabazteko. Une horretan Donato eta Ohian aitzinetik ziren, bederatzi segundoko aldearekin.
Hortik aurrera, ordea, Azurmendi eta Atutxa izan ziren nagusi. 45 ontzako enborra zutik eta etzanda mozten irabazi egin zuten, bi segundoko tartea kenduz. 2.04 izan zen irabazleen denbora. Gero bi 60 ontzako mozten ere gailendu egin ziren. 5.19ko denbora egin zuten, ordura arteko abantaila beste bi segundotan handituz. Hala ere, iraupen proban erabaki zen lehia. Bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako moztu behar zituzten, eta lanak 12 minutu eta 20 segundotan burutu zituzten irabazleek; 13 minutu eta 17 segundotan, berriz, Donatok eta Ohianek. Lan guztiak egiteko, 23 minutu eta 34 segundo behar izan zituzten Azurmendik eta Atutxak eta 24 minutu eta 16 segundo, berriz, Larretxeak aita-semeek. Final guztiak datorren igande eguerdian jokatuko dira Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan. Urrezkoan, Mugertza II.a eta Arrospide Azurmendiren eta Atutxaren aurka neurtuko dira. Zilarrezkoan, Dorronsoro eta Mugertza III.a Manolo eta Julen Kañamaresen aurka arituko dira, eta gazteetan, Otaño eta Zabaleta Saralegiren eta Vicente II.aren aurka.
Bestetik, aizkolaritzak badu aurtengo bigarren apustua, herenegun Zubizarretak egindako deiari Resanok erantzun baitzion. Maiatzaren 22an neurtuko dituzte indarrak Azpeitiko zezen-plazan. Bakoitzak hamar 60 ontzako enbor moztu beharko ditu, eta egurrak erdibana plazaratuko dituzte. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu.
Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariak, berriz, marka ahalegin bat egingo du, nahiz eta oraindik data eta lekua zehazteko dituen. Esku batekin bueltan hiru metro dituen enborra moztu nahi du, marka berria ezartzeko asmoz.