GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

Hiztegi politiko berria etorkizuna irabazteko

Guda baten hatzaparrek jo dituzten herri ugaritan, herri xehea bizi den etxebizitzei so eginez gero, ez da soilik txirotasuna paisaiaren parte bat dela ondorioztatzen. Armen hotsek, ihes egin beharraren ondorioz, izaera nomada ezarri diete subkontzientean; eta etxeei erreparatuz, baliozko lauzpabost gauza dituztela ikus daiteke, di-da batean kanpamendua kendu eta erraz mugitzeko.

Aberatsen munduan bizitzea tokatu zaigu, ordea, gaurko euskal herritarroi. Eta izaera nomada hori bizirauteko zantzu genetiko gisa dugun arren, gizartean aldaketa politiko eta sozialak eragin bai, baina gero horietara egokitzea kosta egiten zaigu.

Eta ukaezina da hilabeteotan sakoneko aldaketak ezagutzen ari dela Euskal Herria. Batzuk, begi-bistakoak; ezker abertzalearen ekimen eta proposamenek zoru politikoa hankaz gora jarri dute. Garai berriak ate-joka dabiltzala, besterik ez da entzuten. Eta egunak joan, egunak etorri, gero eta argiago ikus daiteke alderdi eta agintariak egokitzapen lanetan dabiltzala.

Alabaina, akaso, balio garrantzitsuagoa dute ikusi ez baina sentitzen direnek. Prozesu demokratikoa martxan jarri izanak, berekin, bestelako kontzeptuak ekarri ditu. Azken batean, biharko Euskal Herria eraikitzeko hiztegi politiko berri baten beharra mahaigaineratu du. Termino batzuk badira, baina sakoneko lana guztiek partekatuko duten hiztegia sortzea da.

Batzuk aspaldi hasi ziren termino batzuen definizioa pozoitzen. Biktimen afera adibide garbia da. Orain ETAren ondorioz ihes egin omen zuten ustezko biktimak erroldatu nahi dituzte, bozka dezaten. Izaera horren kontura bizimodua egin duen Fernando Savaterren hitzek -Etikako katedraduna omen-, baina, egoerak sortzen dien urduritasuna erakusten du, zinismoan ezkutatzen saiatu arren. «Terrorismoa kasik eskertu egiten dut, bizi sentitu bainaiz; 15-20 urte gaztetu nau».

Badira, baina, zinez ihes egin behar izan dutenak. Atzo, zortzi gazte independentista azaldu ziren Izpuran. Konpromisoa eta militantzia hiztegi politiko horren parte izango direla berretsi zuten. Eta hor dago gakoa, gazterian, gaur lor daitekeen etorkizuna eurek kudeatu beharko baitute bihar. Biba zuek!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo