Krisialdi betean ere, armamentu salmentek gora egiten jarraitzen dute
Krisiak ez die armak fabrikatzen dituzten enpresei eragin eta, mundu erdia kinka larrian dagoen bitartean, munduko ehun arma ekoizle handienek, Txinak izan ezik, 2009. urtean 400.000 milioi dolarreko salmentak egin zituztela jakin da, 2008an baino %8 gehiago.
GARA
Munduko ehun arma fabrikatzaile handienek, Txinak salbu, 401.000 milioi dolarreko salmentak egin zituzten 2009an, SIPRI Bakearen Aldeko Ikerkuntzarako Nazioarteko Institutuak atzo argitaratutako txosten baten arabera. AEBetan saldu zen gehien, bertako Gobernuaren eskaera handiaren ondorioz.
«Armamentuan diharduten 100 elkarte (Top 100) nagusien salmentak 14.800 milioi dolar igo ziren» 2009. urtean, 2008an baino %8 gehiago, Stockholmen egoitza duen erakundeak adierazi zuenez.
Iaz, Top 100-eko salmentak 401.000 dolarrera heldu ziren (295.000 milioi euro), kontuan hartuta horietatik 247.000 milioi (%61,5) 45 enpresa estatubatuarren artean banatu zirela.
«Amerikako Estatu Batuetako Gobernuak ondasun eta zerbitzu militarretan gastatzen duena oinarrizko faktorea da sektorearen goraldian, bai enpresa estatubatuarrei bai merkatu horretan diharduten Europa mendebaldekoei dagokienez ere», azaldu zuen Susan Jacksonek, SIPRIko armamentu industriako adituak.
2009an, Lockheed Martin enpresa estatubatuarra zerrendaren gorenera iritsi zen, 33.400 milioi dolarreko salmentekin, eta BAE Systems britainiarrari (33.300 milioi dolar) gailenduta.
Europa ere, lehian
Europako ordezkaritzari dagokionez, bederatzi herrialdetako (Alemania, Estatu espainola, Estatu frantsesa, Italia, Norvegia, Suedia, Suitza, Finlandia eta Britainia Handia) 33 enpresa daude Top 100 zerrendan. Guztien artean, 120.000 milioi dolar bildu zituzten 2009an (%30).
Munduko hamar saltzaile garrantzitsuenetatik zazpi estatubatuarrak dira: Lockheed Martin, Boeing, Grumman, General Dynamics, Raytheon, L-3 Communications eta United Techonologies.
France Presse agentziak jaso zuenez, SIPRIk ez du Txina kontuan hartu; «Top 100-ean egoteko adina fabrikatzaile garrantzitsu dituen arren, ezinezkoa da hauek zerrendan sartzea, ez dagoelako datu egiaztagarri eta zehatz nahikorik».
Asiak, ordea, hamar enpresa ditu sailkapenean (lau Japonian, hiru Indian, bi Hego Korean eta beste bat Singapurren). Israelek, Turkiak eta Kuwaitek ere enpresa bana dute ordezkari.
Bi eskualde horiek 24.000 milioi dolarreko salmentak izan zituzten 2009an.
Bakearen Aldeko Ikerkuntzarako Nazioarteko Institutuak armamentu salmentari buruz egindako definizioak bezero militarrei saldutako ondasun eta zerbitzu militarrak ere jasotzen ditu, bai barne merkaturako bai esportaziorako.
1996an sortua, Stockholmen egoitza duen erakunde independentea da, %50ean Suediak finantzatua. Gatazken konponbidean, armamentuan, armen kontrolean eta armagabetzean adituak dira.