GARA > Idatzia > Kultura

Lazkoz eta Terreros sailkatu dira Nafarroan; Otamendi eta Solozabal, Araban

GARA | DONOSTIA

Xabier Terreros lesakarra eta Eneko Lazkoz etxarriarra sailkatu ziren joan den asteburuan hasi berri zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Araban, berriz, bigarren eta hirugarren kanporaketak jokatu ziren Oionen eta Ilarduin. Kanporaketak aurrera doazen heinean finalerdiak osatzen ari dira, eta oraingoz Oihane Pereak, Asier Otamendik eta Ander Solozabalek lortu dute txartel zuzena.

Larunbatean abiatu zen aurtengo Nafarroako Txapelketa Tafallan. 120 bat lagunen aurrean, sei bertsolari aritu ziren oholtza gainean, horietako bat -Ainhoa Aranburu- estreinako aldiz. Terreros zuzenean sailkatu da Leitzan martxoaren 19an jokatuko den finalaurrekorako. Bigarren postua Ander Fuentes Itturri-rentzat izan zen (307 puntu) eta atzetik, hurrenez hurren, Miel Mari Elosegi Luze, Ainhoa Aranburu, Jose Luis Barberia Zili eta Egoitz Gorosterrazu sailkatu ziren. Igandean Irurtzungo kultur etxean zuten bigarren hitzordua. Aretoa lepo beteta, etxean abesten zuen Eneko Lazkozek, eta berak bildu ditu puntu gehien (324,5). Bere atzetik Iñigo Olaetxea eta Oier Lakuntza sailkatu ziren, haien artean bi puntu eta erdiko tarte estuarekin. Gero, Bittor Elizagoien, Ekaitz Astiz eta Irati Majuelo.

Arabako bertso asteburua Oionen hasi zen ostiralean, Azkenak elkartean. Gorabeherak alde batera utzita, Amaia Lasaga eta Maialen Saez de Okariz hasiberriek lan txukuna egin zuten. Horrela gelditu zen sailkapena: Asier Otamendi (160), Serapio Lopez (152,5), Andere Arriolabengoa (143,5), Iker Agirre (131,5), Amaia Lasaga (126,5), Maialen Saez de Okariz (112,5).

Larunbatekoan Ilarduiko txokoa bete-bete egin zen Unai Gomezen aginduetara aritu ziren sei bertsolariez gozatzeko. Iñaki Tena eta Josu Campo berriek ere etorkizun hurbil batean zeresana emango dutela argi utzi zuten, eta Ander Solozabalek, gaztea izan arren, gogor dagoela erakutsi zuen lehen postua eskuratuta. Kontuak kontu honakoa izan zen azken epaia: Ander Solozabal (151,5 puntu), Juan Mari Juaristi (146,5), Ruben Sanchez (144,5), Unai Mendibil (141), Josu Campo (130,5), Iñaki Tena (102).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo