GARA > Idatzia > Kultura

Fermin Muguruzaren «Hurrengo geltoki musikala» Al Jazeera katean, datorren astetik aurrera

Irundarrak arabiar herrialdeen musika ondarea agertzen duen dokumental sorta filmatu zuen iaz, «Next Music Station», Qatarreko telebista kateak martxoaren 10etik aurrera botako duena.

Anartz BILBAO | BILBO

2010. urtean bederatzi herrialdetan zehar egindako bidaian jaso zuen musika ondarea agertuko du Fermin Muguruzak «New Music Station» izeneko dokumental sortan, Al Jazeera Documentary Channel katean. Guztira 80 musikarirekin izandako topaketak ezagutaraziko dizkigu Muguruzaren lanak, hamaika atalen bitartez. Bidaia Egipton hasiko da eta Sudanen bukatu. Tartean, Maroko, Libano, Tunisia, Siria, Kuwait, Bahrain eta Yemenen entzun daitezkeen doinuak ezagutzeko parada ere izango dugu. Herri bakoitzari atal bat dagokio, baina Egiptok, Marokok eta Libanok bi atal osatuko dituzte. Hasiera batean, asmoa hamahiru atal egitea bazen ere, Aljeriako biak bertan behera utzi behar izan zituzten, ez baitzieten eman bertan filmatzeko baimenik.

Muguruzaren beraren esanetan, «Next Music Station» serieko dokumentalek, herrialde arabiar horiek beraien musika eta musikarien bidez ezagutzeko aukera emateaz gain, egun hauetan inguru hori astintzen ari diren matxinadak hobeto ulertzeko ere balioko dute. Izan ere, Bidasoa eta Oarsoaldeko «Boga» aldizkariari egindako adierazpenetan, «gertatzen ari denaren atariko lekuko izan naiz», zioen irundar musikari ezagunak. «Intentsua bezain hunkigarria izan da» lana irundarrak dioenez, eta «tentsio handiko filmaketak izan dira», EITBrako beste elkarrizketa batean aitortu zuenez.

Martxoaren 10ean hasita dokumentalaren atal guztiak arabieraz eman ostean, Al Jazeera English katean emango dituzte apiriletik aurrera, ingelesezko azpitituluekin.

Musikatik zinemara

Kortatu zein Negu Gorriak talde sonatuetan lehenengo eta bakarlari gero, Fermin Muguruza irundarra ezinbesteko musikaria dugu gurean. Zinemagile legez, Javier Corcuerarekin batera burututako «Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina» dokumentalarekin egin zuen debuta, 2009an. Lan hark ireki zizkion orain urratzen ari den bide berriak. Aipatu dokumentalarekin Dubaiko Nazioarteko Zinema Jaialdian parte hartu ostean, Qatarrera jo, eta Al Jazeera Documentary Channel katearen zuzendariarekin makina bat bilera egin ostean adostu zuten 2010ean herrialde arabiarretako musikari buruzko dokumental sorta prestatzea. Dagoeneko ikusgai dugu emaitza.

BEDERATZI HERRIALDE

2010. urtean bederatzi arabiar herrialdetan zehar bidaian jaso zuen musika ondarea agertuko du Fermin Muguruzak «New Music Station» dokumental sortan, Al Jazeera Documentary Channel telebista katean.

HOBETO ULERTZEKO

Muguruzaren esanetan, «herrialde arabiar horiek beraien musika eta musikarien bidez ezagutzeko aukera emateaz gain, egun hauetan inguru hori astintzen ari diren matxinadak hobeto ulertzeko ere balioko du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo