GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Ostegun gizena Tolosan

Asteartea bitartean, festa eta umorea nagusituko dira Tolosako inauterietan

Gora ostegun gizena, gora inauteria, gora Euskal Herria eta gora Tolosa!». Gisa horretan eman zieten hasiera atzo Tolosako inauteriei Kabi Alai elkarteko «udalbatzakoek». Hasiera iragarri zuen suziria botata, dantza, festa eta umore ona nagusitu ziren; halaxe iraungo du datorren asteartera arte.

p014_f0220126.jpg

Janire ARRONDO

Ostegun Gizenarekin, datozen bost egunetan etenik izango ez duen festari eman zioten atzo hasiera Tolosan, umorearen eta irudimenaren eromenaz mugarik gabe gozatuko dute bertako bizilagunek. Goizean goizetik kolorez jantzi zen hiria, etxeetako balkoietan zapi koloretsu eta puxika itsatsiekin. Kalean, berriz, betiko txilaba deigarriak ageri ziren, baina, azken urteotan zabaltzen joan diren koloretako buzoak ziren nagusi gazteenen artean.

11.30 inguruan Plaza Zaharra jendez betetzen hasita zegoen, eta pixkanaka, eguerdirako, leporaino bete zen. Dantzariek bidea irekitzen zietela, Kabi Alai elkarteko «udalbatza» udaletxera sartu zen. Trufazko udalbatza honek benetakoa ordezkatuko du inauteri egunek irauten duten bitartean. Balkoitik urteak Tolosan utzi dituen albisteei gainbegiratu umoretsua eman, eta suziria besterik ez zen falta festari hasiera emateko. Inauterietarako luze itxaron ondoren, festarako grinari ezin eutsirik zeudelako-edo, eguerdiko hamabiak jotzeko hiru minutu falta zirela hasi ziren kanpai hotsak udaletxetik. Pregoiaz eta suziriaz azken 28 urteetan arduratu diren Kabi Alaia elkartekoek aurtengo inauteriei jarritako berrikuntza izan zen kanpaiena. Hamabi danbaden ondoren etorri zen suziriarekin festaren lehertzea.

Berrikuntza modura, baita ere, Inauterizale Kuttuna izendapena esleitu zuten atzo Kabi Alaikoek, eta txupinazoraino isilik gorde ondoren, 50. urteurrena bete duen San Bernardo skaut taldeari eman zioten. Modu honetan, inauterietako astelehenei emandako bultzada eskertu nahi izan diete. Zehazki, duela 31 urte hasi zen San Bernardo egun hori antolatzen.

Udaletxeko Plaza Zaharrean izan zen aldarrikapenerako tarterik atzokoan ere. Presoen etxeratzea eskatzen zuten oihalez gain, hainbat pankarta erraldoi ikus zitezkeen: «Gaztetxe bat ez da hiltzen nahi dutenek erabiltzen ez dutelako, Bildarratzek ixten duelako baizik», «Gazteok ez dugu abiadura handiko etorkizunik nahi. AHTrik ez!» edo «Jokin Bildarratz: gazteon etsai», besteak beste.

Arratsaldean zezen-festa izan zen zezen-plazan, iluntzean zezensuzkoa eta danborrada gauean. Gaur, berriz, Ostiral Mehe egunarekin jarraituko dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo