GARA > Idatzia > Kultura

LEIOAKO DANTZA ZIRKUITOA

Dantza, txoko guztietan

Leioako barru nahiz kaleak dantzak hartuko ditu datozen asteetan. Lau emanaldi izango ditu gaur hasi eta martxoan zehar ospatuko den Leioako Dantza Zirkuitoak. Maiatzean, berriz, herriko eskulturekin eta ibilaldi gidatu batekin uztartuko dituzte ikuskizunak eta Gorka Bravo argazkilariaren «Dantza hirian, Ciudades que danzan» erakusketa ere ikusgai dago Kultur Leioan.

p047_f01_90x120.jpg

Ane ARRUTI | LEIOA

Leioak bat egin du seigarren urtez aurtengo Dantza Zirkuitoarekin eta Virginia Garciak eta Damian Muñozek osatzen duten La Intrusa konpainiaren estreinaldi batekin abiatuko da gaur, 20.30ean Kultur Leioan, lau ikuskizuneko dantza programa. Adin eta publiko guztiei dantza garaikidea gerturatzea du helburu Zirkuitoak eta lau emanaldi horiez gain, maiatzaren 8an kalean ospatuko den ibilbide bereziarekin osatu dute programa.

«Ataraxia» deitu dio La Intrusak performancea, instalazioa eta dantza uztartzen dituen lan honi. Atzo Muñozek azaldu zuenez, «interesgarriena eta, aldi berean, konplikatuena Virginiaren mundu imajinarioa taularatzea izan da». Detaile ugariz jositako lana dela esan zuen dantzariak, bakarkako moduan planteatu dutena, «nahiz eta ni ere momenturen batean agertu». Alterazioaren inguruan hausnarketan aritu ondoren, «justu kontrakoa bilatu dugu, ataraxia, nola topatu patxada egoera hori emozioen kontrolaren bitartez», esan zuen.

Bigarren ikuskizuna Organik taldearen «Maniatic@s» izango da, martxoaren 11n. Gazteei zuzendutako lana da. Natalia Mongek zuzenduta, Pilar Andres, Eneko Balerdi eta Fernando Barado izango dira taula gainean eta «bizi garen gizarte hipokondriakoa» umorez islatuko dute.

Kolonbiatik iritsiko dira martxoaren 25ean L´Explose konpainiakoak. Tenerifeko Tenerifedanzalab taldearekin sortu dute «EnOtraParte» ikuskizuna. Immigrazioari eta identitatearen bilaketari buruz arituko dira taula gainean hamar dantzari eta musikari kolonbiar bat, Tino Fernandezen gidaritzapean. Zirkuito jaialdia ixteko, Valentziako Maduixa Teatrek familia guztiarentzat «RAS!» ikuskizun berritzailea eskainiko du martxoaren 27an emanaldi bikoitzean. Dantza eta multimedia uztartuko dituzte Lara Sanchis eta Joan Santacreu dantzariek.

Dantza aitzakiatzat harturik, Leioako eskultura publikoak ezagutzeko aukera aprobetxatu nahi du Udalak. Horretarako, maiatzaren 8an, igandea, goiz eta arratsaldez egingo den ibilaldi gidatuan, artista ezagunen obren altzoan arituko dira dantzariak.

Udaletxeko plazan, Nestor Basterretxearen «Leioako indarra» eskulturaren aurrean hasiko dira, Andaluziako Marco Vargas eta Chloe Brûleren flamenko ikuskizun batekin. Kultur Leioako zabalgunean, Jorge Oteizaren «Proposición dinámica» obraren aurrean, Aragoiko Circle of Trust taldearen hip-hop erakustaldia izango da.

Eguerdi aldera, Boulevardera joko dute, Novvat eta Lizasoren eskulturen aldera. Bertan, Andoni Aresti dantza eskolakoek dantza klasikoa eta euskal dantzak egingo dituzte. Bukaera Pinosolo parkean izango da Nabeirarrua taldeak «A dos centímetros del suelo» ikuskizuna eskainiko du.

«Dantza hirian», jaialdi bat iruditan

Gorka Bravo argazkilari donostiarrak irudiz jaso du irailean euskal Eurohirian -Baiona eta Donostia arteko zortzi herritan-, ospatzen den jaialdia. Ikuskizunetako argazkiak eta publikoaren begiradak biltzen ditu Leioan apirilaren 3a bitartean egongo den erakusketa ibiltari honek. Guztira 17 argazkik, bi ikus-entzunezkok eta hainbat haurren marrazkiek osatzen dute bilduma. Atzo Celine Petrissans jaialdiko komunikazio arduradunak esan zuenez, «jendeari dantza garaikidea hurbiltzeko modu bat da, badakigu batzuetan beldur ematen duela-eta».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo