GARA > Idatzia > Mundua

Georgiak afrikanerrak «fitxatu» nahi ditu, nekazaritza suspertzeko

Batere ohikoa ez den eta zeresana emango duen bidea hautatu du Georgiak bertako nekazaritza indarberritzeko: Afrika hegoaldean ezarri ziren boer nederlandarren ondorengoei lurrak ia musu-truk eta herritartasuna eskaintzeko asmoa duela adierazi du.

Misha VIGNANSKI (EFE)

Tbilisiko Gobernuak, Georgiako nekazaritza biziberritzeko asmoz, eskaintza ezohiko eta eztabaidagarria egin die afrikanerrei, lursailak ia dohainik eta herritartasuna eskainita.

Diaspora Gaietarako Estatu idazkari georgiar Mirza Davitaiak Transvaaleko Nekazaritza Batasunarekin (TAU, ingelesez) akordio bat sinatu zuen iaz, nekazari afrikanerren lekualdatzea ahalbidetuko lukeen marko juridikoa ezartzeko.

Maestro telebista kateak emandako informazioaren arabera, Tbilisik 88.000 hektarea utziko lizkieke afrikanerrei, bakoitzaren truke 40 bat dolar ordainduta. Egungo merkatuan, 740 eta 1.000 dolar arteko salneurria dute, lurraren eta ureztabidearen arabera.

«Salneurria zifra hori baino altuagoa izango da, 40 dolarrena ez da benetako prezioa», esan zuen atzo izena ezkutuan gorde nahi zuen Diaspora Gaietarako Ministerioaren bozeramaile batek.

Georgiara ailegatuko litzatekeen laborari kopuruaz, «oraingoz 100 eta 200 artean» izango liratekeela baieztatu zuen, «proiektuak aurrera egin ahala zifra horrek gora egin dezakeen arren».

Era horretako lehen abeletxea datorren hilean hasiko da lanean, TAUko zuzendari nagusi Bennie Van Zylek baieztatu zuenaren arabera.

Desadostasunak

Hala eta guztiz ere, guztiek ez dute proiektu hau begi onez ikusten. Oposizioaren aburuz, hobe da nekazari georgiarrak diruz laguntzea, atzerritarrei lurrak oparitzea baino.

«Hain lur gutxi izanda, beste kontinente batzuetako jendea ekartzea erokeria da», adierazi zuen Alderdi Laboristako Kanpo Harremanetarako idazkari Nistan Kirtadzek.

Lurrak erosteko afrikanerrek izango duten lehentasunezko tratuak ere ezinegona eragin du georgiarren artean, eta batez ere laborarien artean.

«70 urte ditut eta bizitza guztia daramat lurra lantzen. Zertarako behar ditut afrikanerrak? Lagundu nahi bagaituzte, diru-laguntza edo abonamendu bidez egin dezatela. Guk badakigu lan egiten, eta txarto bizi bagara, baliabiderik ez daukagulako da», azaldu zuen haserre eta kezkati mahastizainen familia bateko buru Zaza Turmanidzek.

Jasotako kritikek, hala ere, ez dute Tbilisiko Exekutiboaren proiektua aldatzerik lortu, eta dagoeneko web orrialde bat -«http://georgia.boers.ge»- jarri dute abian, Georgian bizimodu berri bati ekiteko interesa daukaten afrikanerrek egitasmoari buruzko informazioa jaso ahal izan dezaten.

NEKAZARITZA

Gaur egun, Georgiako biztanle aktiboen %40 inguru ari dira lehen sektorean lanean, eta BPGren %8 sortzen dute. Tbilisiko Gobernuaren ustez, afrikanerrei esker, bigarren ehuneko hori izugarri handituko litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo