Jonathan Martinez Alternatibako Bizkaiko batzarkidea
Soldatak x Produktibitatea = soldata behera, mozkinak gora
Funtsean, langileen lepotik mozkinak handitzeko helburua duen mugimendu berria da hau
Alemaniako kantziler Angela Merkelek inflazioa alde batera utzi eta soldatak produktibitateari lotzearen alde eginiko proposamenak atxikimendu oldea jaso du. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak «ideia bikaina» deritzo Merkelek esandakoari, eta antzera hitz egin dute Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusi eta Herrilan eta Garraio sailburu ohiak -horra hor, joan-itzuli ederra administrazioetatik patronalera!- Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Adegi, CEOE, Espainiako Bankuko eta BBVAko ordezkariek, Emilio Botinek, Felipez Gonzalezek eta Pedro Solbesek.
Enpresen mozkinak lansarien lepotik igotzeko ahalegina da. Komunikabideek aipatutako guztiei eskaini izan dieten arretatik urrun, Vicenç Navarro ekonomialariak azpimarratu du helburua ez dela ekonomia edo lehiakortasuna defendatzea, enpresa handien interesak baizik, langileen interesen lepotik. «Iraganean klase borroka zena lehiakortasunaren diskurtsoarekin maskaratzen dute orain».
Azken urteetan, etekinak nominen gainetik gizendu dira eta, kasu ugaritan, soldaten igoerak inflazioaren azpitik gelditu dira, benetako emaitza hazkunde negatiboa izanik eta langileen erosteko ahalmena gutxituz. Noski, oparotasunaren garaian ez zituzten soldatak mozkinekin lotu nahi izan. Eustat-en datuen arabera, 1980an EAEko langileen soldatak BPGren %57 izatetik %50 izatera pasa dira 2009an, ustiapen soberakin netoak edo enpresen etekinak %24tik %32ra igo diren bitartean. Alegia, aberastasunaren banaketan mozkinek soldatak ordezkatu dituzte. Eta, hala ere, produktibitatearen araberako igoerak exijitzeko lotsagabekeria dute! Horrekin nahikoa izango ez balitz, ekoizpenaren eta inportazioen gaineko zerga garbiak osatzen zuten pastelaren zatia murriztuz joan da hiru urteetan, 2006tik 2009ra, eta duela bi hamarkadako mailan dago, administrazioek gastu publikoari eusteko duten ahalmena mugatu duena.
Testuinguru honetan, langabezia handiarekin, enpresari klaseak eta haien ordezkaritza politikoak gaurko shock egoera baliatu nahi dute, erreforma antisozialak inolako erantzunik gabe egin ditzaketela ikusita, nominak murriztu eta euren dibidenduak are gehiago puzteko. Baina, esaten dutenaren kontra, soldatak dira errendimendu baxuaren errudunak, hauen ondorioz enpresaburuek produktibitatean inbertitzeko beharrik ikusten ez dutelako. Gainera, Lanaren Nazioarteko Erakundeak dioenez, produktibitatearen igoerak langabezia handitzea dakar.
Funtsean, langileen lepotik mozkinak handitzeko helburua duen mugimendu berria da hau. Aurrerakuntza teknologikoek lanaldiak murrizteko aukera baztertzen dute. Ez ditzagun lan orduak banatu jende gehiagok lanpostu bat izan dezan gizartearen ongizatea handitu eta aisialdirako zein gizarte ekintzarako ordu gehiago izateko! Hobe langileak ustiatzea euren erosteko ahalmena murrizten den bitartean. Zer gertatuko da, alabaina, soldatapekoen taldeak berak ekoizten duena eskuratzeko aukerarik ez duenean? Zer gertatuko da baztertu ezin daitekeen energiaren prezioaren igoeraren ondorioz produktibitatea erortzen denean? Orain arte soldatak mozkinekin lotu ez badituzte, zergatik diote orain produktibitatearekin lotu behar dituztela?
Kontua da neurri hauek gehien babesten dituztenak direla isiltzeko arrazoi gehien dituztenak. Jose Luis Bilbaok neoliberalismoaren hooligana balitz bezala jokatzen du, nahiz eta «Zabalgarbi auzian», esaterako, bere burua engainatzen utzi duen. Alemaniako kantzilerraren proposamenarekin bat egin duen beste bat Espainiako Bankuko gobernadore Miguel Angel Fernandez Ordoñez izan da, higiezinen eta finantzen krisia aurreikusteko gaitasun ezak bere produktibitate eztabaidagarriaren berri ematen duen arren. Eusko Jaurlaritzak ere hitz egin du. Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak «oparotasunik gabeko etorkizuna» iragarri du produktibitatearen aldagaia soldatetan jasotzen ez bada; galde dakioke:
Nola eragingo dio bere soldatari Patxi Lopezen Gobernuak pilatzen duen hogei legeko atzerapen produktiboak?