«Ezezko biribila» eman dio Aldundiak luzapen eskaerari
Zubietako erraustegiaren finantziazioari buruzko informazioa eskatu zuten atzo Gipuzkoako Aldundian hainbat udalerritako ordezkariek. Garapen Iraunkorreko diputatuarekin eta ahaldun nagusiarekin bilera egin ostean, jorratutako gaien berri eman zuten. Udal ordezkarien ustez, errauste-plantaren proiektua gauzatzeko hartzen ari diren erabakiek ondorio ekonomiko eta politikoak ekarriko dizkiote Gipuzkoari.Nagore BELASTEGI |
Gipuzkoako hainbat udalerritako ordezkariak Gipuzkoako Aldundira joan ziren atzo, Zubietako errauste-planta eraikitzeko lanei bi hilabeteko luzapena ezar diezaietela eskatzera, baina erabakiak hartuta daudela erantzun zieten.
Garapen iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalekin eta ahaldun nagusi Markel Olanorekin izandako bileraren ostean, hitz egindakoaren berri eman zuen Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak, gainerako udal ordezkarien izenean.
Udal ordezkariak euren kezken berri ematera bertaratu zirela esan zuen alkateak, proiektuaren inguruan hartzen ari diren erabakiek ondorio ekonomikoak eta politikoak dituztela-eta. Aldundiak «jarrera itxia» erakutsi bazuen ere, alkateek ez dutela etsiko adierazi zuten.
Diputatuek eraikuntzari buruzko erabaki guztiak jada hartuta daudela jakinarazi zieten. Hauteskundeak bi hilabete barru izango direnez eta «mapa politikoa ikaragarri alda litekeenez», bi hilabeteko luzapena eskatu zuten. Markel Olanok eskaera horri «ezezko biribila» eman zion eta argi utzi zuen, Aldundiaren ustez, errauste-planta dela alternatiba bideragarri bakarra eta ez dela iritziz aldatuko.
Horren aurrean, ordezkariek euren esku dagoen guztia egiten jarraituko dutela ziurtatu zuten, «alternatibak badaudelako». Euren hitzetan, proiektuak «morrontza ekonomikoa» ekarriko dio Gipuzkoari. Udalek askotan eskatu diote Aldundiari proiektuaren finantziazioaren inguruko datuak emateko, baina «informazioa erdizka» ematen diete, esan dutenez.
Hala ere, Beitialarrangoitiak adierazi zuen finantziazio datuak txosten luze batean bilduta daudela eta bertan «ezkutatzen» dituztela. Beraiek horiek arakatu eta biltzen dituzte, eta zenbaketa egin ostean ikusi dute Aldundiak emandako datuak ez datozela beraienekin bat.
Udalek bildutako informazioaren arabera, guztira 500 milioi euroko mailegua beharko da proiektua gauzatzeko. Horien interesak eta amortizazioak kontuan hartuz, 1.000 milioi euroko «morrontza ekonomikoa» aurreikusten dute, 21 urtera luzatuko dena.
Aurrekontu horretan eraikina bera eraikitzearen gastuak eta gaiaren jarraipena egiten duten aholkularien ordainsariak sartzen dira. Gainera, errauste-plantan sartuko den zabor kopuruaren eta hori erreta lortutako energiatik ateratako diruaren kalkuluak finantziazio erakundeen esku geldituko dira, beraiek jarritako baldintzen menpe. Bankuekin sinatutako akordioan agertzen da finantza erakundeen baimenik gabe ezin izango dutela erabakirik hartu, eta horrek erakusten du «eskuak erabat lotuta» dituztela, udal ordezkariek ohartarazi zutenez.
Erabakiak, epe luzera
Hartzen ari diren erabakien ondorio politikoak ere aipatu zituen Hernaniko alkateak. Esan zuen erabaki horiek besteen izenean hartzen ari direla. «Erabakiak batzuek hartzen dituzte eta beste batzuok egin beharko diegu aurre», salatu zuen.
Udal ordezkariak kezkatuta daude finantza erakundeek jartzen dizkieten baldintzengatik. Gainera, azaldu zuten gaur egun eskumena dutenek etorkizunean Aldundian eta Partzuergoan agintea izango dutenen izenean erabakitzen ari direla, eta hori «oso larria» iruditzen zaiela.
Izan ere, Beitialarrangoitiak azaldu zuenez, sinatutako akordioetan Aldundiak hainbat gairen inguruan kontra bozkatzeko konpromisoa hartzen duela zehazten da eta, hortaz, ondorengo diputatuek ezingo dute euren kabuz erabakiak hartu.
Hala, salatu zuten bankuen maileguak hain zorrotzak direla, ezen jendeak politikarien eskuetan jarritako konfiantza eta eskumena finantziazio erakundeen esku geldituko diren.
Finantziazio txostenaren arabera, 500 milioi euro behar dira proiektua gauzatzeko. Bankuen interesak kontuan hartuz gero, 1.000 milioi eurora iritsiko dira errauste-plantaren gastuak.
Udal ordezkariek salatu zuten egungo diputatuek, bankuekin akordioak sinatuta, etorkizunean agintea izango dutenen izenean hartzen ari direla erabakiak.