GARA > Idatzia > Euskal Herria

Astelehenean jarriko dute martxan atez ateko zabor-bilketa sistema Antzuolan

GARA

Antzuola izango da Debagoienan atez ateko zabor-bilketa sistema martxan jarriko duen lehenengo udalerria. Joan den otsailaren 24an Mankomunitateak Usurbilgo itunarekin bat egin ostean, lau urteko epean pixkanaka gainontzeko herrietan atez atekoa ezartzen joango direla baieztatu zuten.

Astelehenean hasiko dira antzuolarrak zaborra gaika biltzen, baina aurretik ere lan handia egin dute. Udalak herritarrak zoriondu zituen atzo azaldu duten jarreragatik, eta horrela jarraitzera animatu zituen, «aldaketa txikiak eginda emaitza eta helburu handiak» lortzen direlako.

Antzuolako alkate Pedro Iturbek adierazi zuen atez atekoa martxan jartzea bezain garrantzitsua dela hobekuntzak proposatzea. Horretarako, tarteka bilerak egingo dituzte, eta herritar guztiak gonbidatu zituen horietan parte hartzera. Lehenengo bilera martxoaren 16an izango da Olaran etxean, 18.30etik aurrera.

Atez atekoari ongietorria emateko, jaialdia egin zuen atzo Mankomunitateak herrian. Txan magoa aritu zen lehenik, eta jarraian birziklatutako materialekin eskulanak egiteko tailerrak eta bertso poteoa izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo