Anxel Fole, Ivo Andritx, Lovecraft eta Buzzati euskaratu dituzte Elkarrek eta Alberdaniak
O. LARRETXEA | DONOSTIA
Orain hamar urte Elkarrek eta Alberdaniak «Literatura unibertsala» deitutako bilduma sortu zuten, lan klasiko eta aski ezagunak euskaraz irakurri ahal izateko aukera eskainiz. Familia literario honetan txertatu diren azkenak izan dira, hain zuzen ere, Ivo Andritxen «Zubi bat Drinaren gainean», Anxel Foleren «Kriseiluaren argipean», H.P. Lovecraften «Eromenaren mendietan» eta Dino Buzzatiren «Tartariarren basamortua». Labetik atera berriak, Donostian aurkeztu zituzten atzo.
Karlos Zabala arduratu da Andritxen lana itzultzeaz, hain zuzen, idazleak Nobel saria jaso zueneko 50. urteurrena betetzen denean. Eleberriak fikziozko eta egiazko kontakizunak maisutasunez txandakatzen ditu, eta bat edo beste diren bereiztea ia ezinezkoa suertatzen da. Izenburuan aipatzen den zubia, esaterako, egiazkoa da, XVI. mendean turkoek Bosnia ekialdean eraiki zutena. Zubiaren inguruan jositako istorioak proposatzen ditu, beraz, Andritxek. Zabalaren aburuz, liburua «elementu asko gordetzen dituen zaku handi bat da».
Josemari Navascuesek itzulia, «Kriseiluaren argipean» lanarekin sutondoko ipuinen bilduma egiteko aitzakia topatu zuen Folek. Istorio batzuk Lugoko txokoren batean eskuz idatzitakoak dira; beste batzuk, ordea, idazleak berak asmatutakoak.
Negua da eta antzinako dorretxean gelditu behar izan dute, elurtea dela-eta, ugazabak eta zerbitzariak suaren inguruan kontu-kontari hasiko dira denak... horixe da autoreak Lugoko Caurel herrixkan kokatu zuen istorioaren abiapuntua.
Ainara Ruizek itzulia, «Eromenaren mendietan» lanak mendiko espedizio bat du oinarri. Lehen pertsonan idatzi zuen estatubatuarrak, geologo baten txostena imitatuz.
Bildumako lan berriena, berriz, Buzzatiren «Tartariarren basamortua» da, Josu Zabaletak euskaratutakoa. Denboraren ihesa eta bizitzari zentzua ematen dioten zentzu gabeko kontuak dira, oro har, eleberriak lantzen dituen gaiak.