GARA > Idatzia > Kultura

Irudi birtualak, ikusgarrietan ikusleen emozioa areagotzeko

Hiru urtez, CADRE egitasmoaren barruan ikusleen «emozioa eta errealismoa handitzeko» Biarritzeko Balletarekin egindako lana aurkeztu zen atzo Biarritzen. Errealitate birtualak eta dantzari batek bat egin zuten oholtzan, etorkizuneko kultur ardatz berri bati atea zabalduz.

p049_f02_148x84.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Biarritzeko Malandain Balletarekin eta Tolosako (Okzitania) Naturaren Historia Museoarekin aritu dira lanean, hiru urtez, CADRE izeneko egitasmoan parte hartzen duten ikerlariak eta ESTIA eskolako ingeniariak.

«Cultural experience: Augmented Reality and Emotion» egitasmoaren ingelesezko izenak adierazten duen bezala, errealitatea eta irudi birtualak elkartuz, egitasmoak ikusgarriaren errealismoa eta emozioa handitzea du helburu.

Atzo, Biarritzeko Kasinoan egin zuten emanaldia; hiru urteko lan horren emaitza eskaini zuten Biarritzeko Balleteko Gaël Domerge dantzaria oholtzaratuz. Gizakia eta teknologia berriak elkartuz etorkizuneko kultur emanaldien irudi «futurista» ikusteko aukera eskaini zuten.

Jean-Baptiste de la Riviere, egitasmoaren koordinatzaileak honakoa argitu zuen: «Balletaren ikusgarriari dagokionez, tresna teknologiko zenbait elkartu ditugu, zuzenean ikuslearen emozioa handitzeko. Kultur egitasmoei aplikatzen zaien tresna berri honen gauzapenean gizakia izan da beti gure ardatz nagusia». Museoan egiten den tresna horren gauzapenari dagokionez, helburua, gehienbat, ikasteko tresna berriak asmatzea izan zela erran zuen. Diziplina oso ezberdinak izanik ere, kultur eremu ezberdinen artean antzeko arazoak bazirela ohartarazi zuen De La Rivierek.

Itzalak eta eszenografia

Teknologia birtualek eta dantzariak bat egin zuten, beraz, atzo Biarritzeko Kasinoan eskaini zen ikuskizunean. Dantzariak taula gainean egiten zituen urratsak hiru dimentsiotan ikusteko izan zuten bertara hurbildu ziren ikusleek. «Kamerei eta mugimenduak harrapatzen dituen bi sistemari esker zuzenean dantzariaren kokapena eta egiten dituen keinu zehatzak ditugu. Kokapen horiek, ESTIA ingeniaritza eskolak landutako software batera bidaliak dira, eta horrekin dantzariak igorri nahi duen emozioa ondorioztatzen da», argitu zuen De La Rivierek. Ikusleari begira ESTIAk landu duen software berriak «emozioa handitzeko bektoreak» azaltzeko baliatzen zela nabarmendu zuen De La Rivierek. Atzoko emanaldian, hain zuzen ere, taula gaineko eszenografia eta dantzariaren itzala dinamizatuz saiatu ziren emozio hori handitzen.

Tresna sortua dela-eta, industrializatzeko bidean zegoela jakinarazi zuen, azkenik, CADRE egitasmoaren koordinatzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo