sokatira Euskal Herriko Txapelketa
600 kiloko finalean izateko azken aukera, gaur Elizondon
18.00etatik aurrera, herriko pilotalekuan, lehen faseko azken saioa jokatuko da. Emakumezkoen 500 kilokoan, berriz, lehen ekinaldia izango da.
Jon LEUNDA
Astebeteko atsedenaren ostean, gaur itzuliko da Euskal Herriko Sokatira Txapelketa, eta Elizondon izango da eguneko ekinaldia, 18.00etatik aurrera, bertako pilotalekuan.
Gizonezkoetan, 600 kiloko bigarren eta azken jardunaldia jokatuko da lehen fasean, eta bertan jakingo da zeintzuk jokatuko duten finala. Ibarra, Sokarri, Abadiño, Amaiur, Ñapurrak, Indarka-Baiona, Basaburua-Imotz eta 6 Conceyos izango dira lehian arituko diren taldeak. Lehen jardunaldian Sokarrik irabazi zuen eta gaur ikusi egin beharko da. Dena dela, taldeen lehen asmoa finalean izateko txartelak ziurtatzea da. Lehen jardunaldian Basaburua-Imotz eta 6 Conceyos geratu ziren azkeneko bi postuetan, eta emaitza errepikatzen badute, bi hauek geratuko dira finalik jokatu gabe.
Emakumezkoetan, berriz, 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da. Hiru talde besterik ari ez direnez, hiru jardunalditako ligaxka jokatuko dute, eta horren ostean punturik gehien batzen duen taldeak eramango du txapela. Badaiotz, Sakana eta Ibarra izango dira lehiatuko diren taldeak. 540 kilotan Badaiotzek aise irabazi zuen txapela, eta oraingorako ere faborito nagusi izango da, ez gaurko saioa irabazteko bakarrik, baita txapelketa bereganatzeko ere.
Emozioa eta lehia bigarren posturako egon liteke, Ibarraren eta Sakanaren artean. 540 kilokoan lehia handia izan dute bi talde horiek eta pisu honetan ere horrela izan dezakete. Izan ere, Badaiotz beraien gainetik dagoela ematen du; horrela agertu zen 540 kilokoan, eta bera gainditzea oso zaila izango dute bi taldeek.