GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakakoa

Bigarren fasea jokatu nahi duenak garaipena lortu beharko du Zuraiden

J.L.

Berezkoen Binakako Txapelketako lehen faseko ligaxkak aurrera jarraitzen du, eta Zuraiden izango dira bihar bi norgehiagoka, 16.00etatik aitzinera. Zaleak, gainera, Olivier Larretxea ikusteko gogotsu dira.

Larretxea, Ducassou lagun duela, lehen partidan arituko da Ezkurraren eta Lanberten aurka. Bi bikoek badituzte aurrera egiteko aukerak, baina galtzen duenak, akabo, ez du aurrera egiteko aukerarik izango. Maila honetan aldeak ezartzen dituen pilotaria da Larretxea, eta garbi dauka bigarren fasean onenekin jokatu behar duela, eta horretarako garaipena erdietsi beharra du. Faboritoak dira eta dirua nabarmen alde izango dute.

Dena dela, kontuz ibili beharko dute, izan ere, aurrean aurkari izango duen Patrick Ezkurrak eskarmentu handia dauka, badaki bakarka txapela janztea zer den ere, eta bera nahasteko nahikoa da. Dena dela, ezustekorik gertatu ezean, Larretxeak eta Ducassouk garaipena lortu beharko lukete.

Bigarren partidan Agirre eta Bonebeltxe Alfaroren eta Lazkanoren aurka neurtuko dira. Azken hauek jadanik ez dute aurrera egiteko inongo aukerarik, eta orain artekoan, gainera, itxura ere nahiko kaskarra eman dute. Agirrek eta Bonebeltxek, berriz, bigarren fasean izateko itxaropenei eusteko, garaipena behar dute biharkoan. Faborito aterako dira, eta dirua alde izanda, baina hori ez da aski partida irabazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo