Trichetek neurri desberdinak erabiltzen ditu bere buruarentzat eta gainontzekoentzat
Murrizketak eta dagoenari eustea dira, orokorrean, nazioarteko agintariek eta zehatzago mundu mailako ekonomiaren agintariek beren buruari izan ezik, gainontzeko herritarrei eskatzen dietena. Krisia larria omen da eta tentuz erabili behar dira orain arte irabazitako eskubideak, ekonomiaren suspertzea kinkan jar baitezakete. Hartara, langileen soldaten igoerak eta sindikatuek darabilten estrategia arriskutsuak omen dira. Europar testuinguruan, ikuspuntu honi zerbitzu publikoetan egiten ari diren murrizketa zorrotzak eta langabezia tasak gehitzen baldin badizkiogu, aurrean agertzen zaigun egoera kezkagarria da oso.
Testuinguru honetan, Europako Banku Zentraleko buru Jean Claude Trichetekin gertatu dena oso larria da. Iaz Trichetek 367.863 euro irabazi zituen, oso ordainsari ona, edonondik begiratuta ere. Harrigarriena, ordea, ez da hori, bere soldatak %2ko igoera izatea baizik. Horren aurretik, langileen soldatak igotzea zorakeriatzat jo zuen Trichetek berak, une honetan «egin zitekeen gauzarik okerrena».
Egoera honek eragiten duen lehendabiziko galderetako bat hauxe da: nola da posible era honetako arduradun eta adituek irabazten dituzten dirutzak irabaztea, ustez ikasgelako «azkarrenak» izateagatik, gero horrelako neurriak hartzeko gai izanda? Zertarako behar du Trichetek soldata igoera hori orain? Arrazoi bakarra horretarako eskubidea duela esatea da, zalantzarik gabe, EBren diru egoera nolakoa den ikusita, bere lanagatik irabazi duela esatea gehiegizkoa baita. Eskubideak gutxi batzuen esku daudenean, ordea, ez dira eskubideak, pribilegioak baizik.