LAN baldintzak
Bilboko etxez etxeko laguntza zerbitzuan greba hasiko dute gaur
Bilbon etxez etxeko laguntza ematen duen zerbitzuko langileek greba hasiko dute gaur zerbitzuen murrizketen eta lan baldintzen okertzearen aurka. LABek zerbitzua egoera larrian dagoela salatu zuen. Horregatik, maiatzera arte hainbat protesta ekimen egingo dituzte Bilbao Lote 3 enpresako langileek. Zerbitzu hau Udalari badagokio ere, azpikontratatutako enpresek egiten dute. LABen arabera, azken urtean zerbitzua emateko ordu kopurua etengabe jaitsi da. Horren ondorioz, lan orduak gutxitu eta lan baldintzak okertu dira. Sindikatuak egoera hori gaitzetsi zuen, gero eta pertsona gehiagok behar dutelako laguntza zerbitzu hau.