Top 14
Final-laurdenetarako bidean puntuak batu behar dira
Biarritzek Stade Rochelais hartuko du, eta Avironek Stade Toulousain Anoetan.
Jon LEUNDA
Zazpi jardunaldi besterik ez dira falta Top 14ko lehen fasea amaitzeko, eta hemendik aurrera ez da hutsak egiteko tarterik egongo, ez, behintzat, zerbait egin nahi duten taldeen artean.
Avironek eta Biarritzek Ligako final-laurdenak jokatu nahi dituzte, baina horretarako aurreneko sei postuetan amaitu behar dute liga. Une honetan zuri-gorriak seigarren daude, eta zuri-urdinak postu bat atzerago, baina biak puntu kopuru bera dute sailkapenean.
Jokatzen lehena Biarritz izango da, 14.30etik aurrera Stade Rochelais hartuko baitu Agilera estadioan. Ustez partida erraza dute euskaldunek, frantziarrak sailkapeneko azken-aurreko postuan baitaude. Baina neurketa honek tranpa ere izan dezake. Stadek asko du jokoan, jaitsierako postuan dago, eta mailari eutsi nahi baldin badio garaipena behar du. Porrotak mailari eusteko itxaropenak asko gutxituko lizkioke.
Dena dela, Biarritzek ezin dio horri begiratu, puntu premia handia baitu. Sailkapeneko lehen postuetan sekulako lehia eta oreka dago, eta garaipen batek postu bat edo bi aurrera egiteko balio du; galtzeak beste horrenbeste eginarazten du atzera. Beraz, zuri-gorriek gaur garaipenaz gain, erasoko puntua ere beharko lukete, jaitsieran dagoen talde bati ezin baitio ezustea ematen utzi. Hemendik aurrera aurkari zuzen dezenteren aurka jokatuko du gainera, eta azken txanpari lehen postu horietan kokatuta ekitea askoz ere erosoagoa izango da, nahiz eta tartean Europako Txapelketa ere izango duten. Azkenaldian izan diren etenaldiek, ordea, ez diete gehiegi laguntzen euskaldunei.
Donostiara
Bi oren geroago ekingo dio bere neurketari Avironek. Anoetan, Donostian, Stade Toulousain hartuko du. Hau ere neurketa handia, garrantzitsua eta oso zaila izango da. Tolosa sailkapeneko lehen postuan dago 64 punturekin, eta hauek finalerdiak jokatzeko txartela ere ia eskuetan dute. Ez da ahaztu behar Ligako lehen bi sailkatuek finalerdiak jokatzeko txartela lortuko dutela zuzenean.
Anoeta gainezka egongo da, 32.000 sarrera salduta daude, eta ilusioa ikaragarrizkoa da. Aviron azkeneko urteetan egin duen denboraldirik onena egiten ari da, eta aurten balentria handia egin dezake final-laurdenetan sartuz, eta lehen aldiz datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela lortuz.
«Badakigu partida zaila izango dela. Tolosa lehenengo dago; Europako txapelduna da, baina uste dut denboraldian zehar edozeini irabazteko gai garela, eta Stade ere mendera dezakegula. Taldean ongi egin dugu lan, eta denok garbi daukagu garaipena lor dezakegula», esan zuen Avironeko zuzendaritza teknikoko kide Lievremontek atzo Donostian egin zuen prentsa agerraldian.
Gaur irabazteak adore eta indar handia emango lieke, lehen seiren artean sartzeko aukera indartuz eta mailako liderra mendean hartzeak ematen duen ziurtasuna bereganatuz. Lehen itzulian galdu egin zuen Avironek Tolosan, baina garaipena ere ez zuen oso aparte izan, eta irabaz zezakeela erakutsi zuen orduan.
Festa eta kirola uztartuko dira gaur Donostian. 32.000 ikuslek beteko dituzte Anoetako harmailak, partidak ere merezi baitu: Avironek liderra hartuko du. Ia 150 autobus aterako dira Lapurdi osotik, nahiz eta Biarritzek ere etxean jokatuko duen. Ez da ahaztu behar, ordea, Aviron dela jarraitzailerik gehien duen euskal taldea. Horiei zale gipuzkoarrak gehitu behar zaizkie, hauetako asko ere izango baitira zuri-urdinak animatzen. Jendea goizetik joango da Donostiara, eta partida hasi aitzin musikak tarte nabarmena izango du, besteak beste, Anje Duhalde eta Maialen Errotabehere bertan izango baitira partida hasi aurreko giroa berotzen. J.L.