GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkatea

Joxantonio Altuna Usurbilgo Alkateari

Hi Joxantonio! Hikin hitzein bieit!

Hauexek izan dira gutariko bakoitzaren lehen hitzak Joxantoniori zuzentzerakoan. Horren ondotik, izan ziur, herritarren arazoa konponbidean zela.

Udala eraikin urrun eta hotzetik guztion etxe eta aterpe bihurtu huen. Hire alkate izaeran, orduek ez ditek atsedenik eman: usurbildarren kezka eta arazoetatik gertu agertu haiz, hauei konponbidea emateko eskura hituen bitarteko guztiak jarriz. Herria xede, aitzinera eraman duk Usurbil, tinko. Tinko benetan, Madrilgo epaile juiziorik gabekoek bi urtez zigortu arteraino, alajaina!

1987tik 2003ra arte, ezkertiar, abertzale eta euskaltzaleen ahotsa izan hintzen udaletxean, baina aldi berean, Usurbil ezin hobeto ordezkatu duk Gipuzkoan eta Euskal Herrian.

Denbora honetan, helburu handienak mailaz maila lortzen direla erakutsi diguk. Usurbildarrak hamarkadatan jasoko dik herriari eman dioana. Jakin bazakiagu, eta erakutsi duk, Usurbil gogoan eta herria bihotzean eraman duana; usurbildarrok ez haugu ahaztuko herritarron bihotzean iltzatu baihaiz betiko.

Herri gisa zenbat irabazi dugun! Eta oraindik ez gaituk jabetu zenbat galdu genian atzo, Joxantonio, hire heriotzarekin! Hire lanerako borondate eta grina, eta herria ulertzeko modua eredugarriak izan dituk bai niretzat eta baita Udala ordezkatzen dugun guztiontzat ere.

Begi gorrituetatik, masail goritik behera isuria, bihotzaren pareraino, malko ezin garratzagoa, malko bat baino ez. Malko izoztua. Zaztada zorrotza, barne erraietaraino.

Jose Antonio, herria maite huen eta herriak maite hau. Betirako alkate izango haiz guretzat.

Sei mila usurbildarron sei mila esker eta muxu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo