GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Arantza Urkaregi eta Begoñe Agirre Ezker abertzaleko Bizkaiko batzarkideen izenean

Martxoaren 8a baino harago

Martxoaren 8a hurbiltzen denean, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko mezuak helarazten dizkigute erakunde ezberdinek. Baina, zer egiten dute eguneroko politikan? Adibide gisa, Bizkaiko Aldundiak menpekotasunaren inguruan duen politika har dezakegu.

Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko bultzatzen duen prestazioa Familia inguruko Zainketari dagokiona da: 2008ko aurrekontuetan zortzi milioi zegoen prestazio horretarako; aurtengoan, 4,97 milioi! Genero-ikuspegitik, prestazio hori ez da neutroa, prestazio horren bidez, pertsonen zainketak emakumeon eskuetan jarraitzea bultzatzen baita.

Familiako emakume bat izango da zaintzailea, edo larriago, askotan diru-laguntza hori erabiltzen da emakume etorkinak azpikontratatzeko, Gizarte Segurantzarik eta kontratu idatzirik gabe, soldata eskasarekin... Hau da, prestazio horren bidez, emakume etorkinen lan prekarioa eta eskubiderik gabea bultzatzen ari da Aldundia.

Gizarte patriarkal honetan emakumeek jasaten duten zapalkuntzari aurre egiteko ez dute balio egun bateko mezuek. Emakumeen eskubideen aldeko proposamenak eguneroko politiketan islatu behar dira. Eta Gizarte Ekintza arloan, bidea ez da orain arte Bizkaiko Aldundiak eraman izan duena. Izan ere, pertsonen zainketak gizarte osoaren ardura izan behar du, eta ez emakumeena. Ildo horretatik, Familia inguruko Zainketa baino, Gizarte Zerbitzuen Sare Publikoan inbertitu beharko luke. Zerbitzu publiko eta unibertsalak, zainketaren beharra duen edonoren eskura.

Emakumeak zaintzaileak izateari lotuta dauden artean, ez da posible gizarte parekidearen aldeko urratsak egitea. Feminismoa eguneroko politiketara eraman behar dugu. Hori da ezker abertzalearen konpromisoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo