Bi astez gose greba egingo dute Hendaian, Irati Tobar gazteari babesa emanez
Izpurako itxialdian izan zen Irati Tobar gaztea gose greban izango da datozen bi asteotan Hendaian, hautetsi abertzale eta euroaginduaren aurkako kolektiboko kideekin batera. Ekimenaren berri emateko agerraldian hainbat alderditako ordezkariak izan zituzten lagun.
GARA
Euroagindu prozedura guztiak bertan behera gera daitezen eskatzeko, agerraldia eskaini zuten atzo Hendaiako Intzura auzoan, eta bertan izan zen Irati Tobar gazte independentista ere. Agindu judizial horien aurkako protesta gisa gose greba egingo dute datozen lau egunetan lau lagunek.
Zehazki, Anaiz Funosas euroaginduaren aurkako kolektiboko kideak, Iker Elizalde eta Xabi Hirigoien Hendaiako eta Beskoitzeko hautetsi abertzaleek, eta Irati Tobar gazteak berak egingo dute gose greba datozen hamabost egunetan.
Izpuran (Behe Nafarroa) beste zazpi lagunekin batera itxialdian egon zen Tobar otsailaren 21etik 27ra bitarte; beste zazpiak dagoeneko atxiloturik daude. Hala, egunotan bere etxean aterpetu duen Iker Elizalde hautetsiaren etxetik atzo agerraldia eskaini zuten lekuraino, PSko kontseilari nagusi Kotte Ezenarrok eraman zuen gaztea autoz. Agerraldian hautetsi abertzaleez eta Ezenarroz gain, PSko, PCF edo Front de Gauche alderdietako beste hainbat ordezkari ere izan ziren, baita gaztearen senitartekoak eta Hendaiako herritarrak ere.
Euroaginduaren aurkako kolektiboko kide Anaiz Funosasek hautetsiek zein herritarrek euroaginduen aurkako kanpainari eman dioten babesa eskertu zuen. Era berean, aurreko asteko gazte independentisten atxiloketetan bizitako «une bortitzak» salatu zituen.
Iker Elizalde hautetsi independentistak, bestalde, ekimenaren helburu nagusia euroagindu prozedura guztiak bertan behera uzteko eskatzea dela azpimarratzeaz gain, estatu espainolari eta frantsesari eskaera luzatu zieten: «Errepresioaren aroa atzean utzi eta Euskal Herrian zabaldu den prozesu politikoari ekarpen positiboa egitea».
Atxilotu eta espetxeratua izateko arriskuan den Irati Tobar gazteak, bestalde, azken egunetan jasotako laguntza eskertu nahi izan zuen eta euroaginduaren aurka «gero eta jende gehiago» ari dela gogorarazi zuen. Gizartean salaketa honek hartu duen indarra «prozesu demokratikoa bultzatzeko» baliatu behar dela nabarmendu zuen militante gazteak.
Jaso duten babesagatik esker ona agertzeaz gain, salaketa honek hartu duen indarra «prozesu demokratikoa bultzatzeko» baliatu behar dela aldarrikatu zuen Irati Tobar portugaletarrak.