GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

PARIS-NIZA Bigarren etapa

Antzeko kontakizuna, protagonista berriekin

Pelotoiak eguneko ihesaldia bertan behera utzi ondoren, Greg Hendersonek menderatu zuen esprinta. Ibilbide zailagoari ekingo diote gaur txirrindulariek.

GARA | BILBO

Soberan dago entzungailuei buruzko polemika pelotoiak 200 kilometroko ibilbide lau-lauari ekiten dionean. Bezperan gertatu zen bezala, Paris-Nizaren bigarren etapak burutik burura jarraitu zuen aurreikusteko moduko gidoia, protagonista berrien izena emanez antzeko kontakizunari.

Montfort l'Amaury eta Amillyren arteko 199 kilometroek emozio pittin bat galdu zuten, eguneko ausartek ezin izan baitzuten horrenbeste luzatu beren saiakera. Izan ere, ihesaldia egon zen, bai, baina taldeak azkarrago ibili ziren esprinta garaiz ziurtatuta izateko. Rabobank, Astana, Movistar eta Columbia, batez ere, garailea beste maillot batekin agertu zen arren. Greg Hendersonek (Sky) hartu zien aurrea pelotoiko gainontzeko galgo guztiei, etapa garaipena eskuratzeko. Bezperako denbora-saria aprobetxatuz, berriz, Thomas de Gendtek lidergoari eutsi zion.

Ezaugarri desberdinekoak izan ziren aurreko protagonistak. Azkarrak baino, ausartak, Tony Gallopinek, Maxime Bouetek eta Yoann Offredok etapa hasi bezain laster egin zuten ihes, eta lasterketaren erritmoa markatu zuten ia egun osoan zehar. Helmugaratzeko 31 kilometro besterik ez ziren falta pelotoiak harrapatu zituenean, esprinterren lokomotorek bultzatuta. Hortik aurrera, lehen etaparen garailea izan zen, arrakastak eskaintzen duen konfiantza aprobetxatuz, gidoia hausten saiatu zen bakarra. Emaitza barik, oraingo honetan.

Pelotoia bateratuta helmugaratu zen, aurretik oilar batzuk arazoak izan bazituzten ere, jo zuen haize gogorra zela-eta. Frank Schlek, Levi Leipheimer edo Tony Martinek, besteak beste, asfaltoa gertu-gertutik ikusi zuten. Zorte txarragoa izan zuen Lucas Haedok: Poliziaren motor batek atzetik jo eta ospitalean amaitu zuen, belauna zaurituta zuela.

Gaurtik aurrera bestetik, gizon azkarren erregealdia amaitutzat eman daiteke, ibilbidea dexente konplikatuko baita hirugarren etapan. Lautada agurtu eta hainbat zailtasuni ekingo dio pelotoiak; azkena, bigarren mailako mendatea, helmugatik hamabi kilometrora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo