GARA > Idatzia > Kultura

Amonen alde iluna, Telmo Esnalen bakarkako lehen filmaren oinarria

Asier Altunarekin egindako «Aupa Etxebeste!» aurkeztu zuenetik bost urte igaro dira, baina Telmo Esnalek lanean jarraitu du, besteak beste film laburrak egiten. Egun hauetan Donostian ibili da, «Urte berri on, amona!» bakarka zuzentzen ari den bere lehen lan luzeko hainbat eszena errodatzen. Amona batek familian sortzen dituen liskarrak eta egoera korapilatsuak dira abiapuntua zinemako genero guztiak biltzen dituen pelikula honetan.

p040_f01_152x104.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Amona Mari zaharra da jadanik eta familiarentzako traba bihurtzen ari da sortzen dituen egoera latzak direla-eta, ez baita amona maitagarri bat. Hala, bere bilobaren senarrak zahar etxe batean sartuko du, bere amaginarreba, hau da, amonaren alaba oporretan dagoen bitartean, baina Marik ihes egin, eta bilobak zaindu beharko du «zigor» moduan, eta amonaren alde «maltzurra» ezagutuko du horrela. Ondorioz, zalantza sortuko zaie familiartekoei; izan ere, Marik egiten dituen ekintza horiek konturatu gabe edo zahar etxean sartu dutelako mendeku asmoz egiten dituen jakin nahiko dute.

Egun hauetan Donostia film baten agertokia bihurtu du Telmo Esnal («Aupa Etxebeste!», «Brinkola») zuzendari zarauztarrak «Urte berri on, amona!» filmaren grabaketarekin. Orain arte Asier Altunarekin batera aritu da lanean beti bikote artistikoa sortuz. «Aupa Etxebeste!» filma sortu zuten beste proiektu askoren artean. Oraingoan zuzendari lanak Esnalek bakarrik egingo ditu Altunarekin soilik gidoia egin baitu. Euskaraz estreinatuko da, gipuzkeraz hain zuzen ere.

Protagonista katalana

Euskaraz izango den arren, Kataluniara jo du protagonista bila. Amona Mariren pertsonaia antzerki katalaneko izen garrantzitsuenetako batek egingo du, Montserrat Carullak, alegia. «El Orfanato» filmean Simon haurraren informazioa azaltzen zuen langilea izan zen Carulla eta familian ere antzezteko grina sortu zion bere alaba Vicky Peñari, Montxo Armendarizen «Secretos del corazón» filmeko bi ahizpetako bat izan zenari. «Mari gaiztoa baino burutik gaizki dabilen amona da. Baina, besteak nahasten dituen arren, pertsonaia nahiko maitagarria da», esan zuen Carullak. Berekin batera, Kontxu Odriozola euskalduna ikus daiteke. «Goenkale» telesail ezaguneko Maria Luisa izan zena amonaren alaba Maritxu izango da Esnalen lanean, eta Pedro Otaegi («Goenkale», «Euskolegas») bere senarra, Joxemari. Nagore Aranburu («Aupa Etxebeste», «Wazemank») izango da biloba, eta haren senarrarenak egingo ditu Josean Bengoetxeak («Kutsidazu bidea, Ixabel», «48 horas»).

«Elkarren ezagun gara denak eta gustuko lana dugu», azaldu zuen Kontxu Odriozolak. Hala ere, oraindik ez dute denek elkarrekin errodatu, baina, Nagore Aranburuk azaldu zuenez, orain arte egindako entsegu guztiek hasierako «hoztasun hori» gainditzeko balio izan dute.

Oraingoan ere protagonista bezala amona bat hautatu duen arren, «Amona putz!» film laburrean egin zuen bezala, atzo egindako aurkezpenean Esnalek argi utzi zuen bi lanen arteko antzekotasun bakarra horixe dela, protagonista amona dela, alegia.

«Urte berri on, amona» umorea erabiliz hasten den arren, ez da komedia hutsa. Esnalek ez daki filma nola deskribatu, ordea. «Ez dakit zein generotan sartu. Ikusten duzuenean zuek erabaki», esan zuen zuzendariak. Umore beltza, tragedia, drama... mota guztietako generoak biltzen dira. «Beste bide batzuk jorratzeko asmoarekin egindakoa da», zioen Esnalek.

Errodaje lanek apirilaren 9ra arte iraungo dute, eta Donostiako lanekin amaitu ostean, Nafarroara joango dira herri txiki baten irudiak hartzeko, Gipuzkoan ez baitago herri txikirik Esnalek ustez. Ondoren Benidormera joango dira eszena batzuk grabatzeko.

Errodajea uztailaren bukaeran amaitu nahi du Esnalek. Dena ondo doala ikusita, erdi-txantxetan esan zuenez, bere kezka bakarra da ez ote duen azkenean berak `izorratuko'.

Amona, alaba eta bilobaren arteko ezberdintasunak

Telmo Esnalek familia giroan sortzen diren argumentuak ditu gustuko. «Familia erakunde bat da gure gizartean, eta kontraesanez beteta egoten da», esan zuen Esnalek.

Belaunaldien artean, kontraesanak eta gauzak ulertzeko modu ezberdinak izaten dira. Orain arte adibidez, amonek eta aitonek belaunaldi gazteen laguntza jasotzen zuten, baina hori aldatuz joan da, egungo egoerara arte. Adinekoak errespetuz hartzen zituzten lehen, eta etxean zaintzen zituzten. Egun ordea, pelikulan agertzen den bezala, zahar etxeetara bidaltzen dituzte azken egunak bertan eman ditzaten. Egoera nahasi horretan, ohikoa da eztabaidak sortzea.

«Urte berri on, amona!» pelikulak hori du oinarri. Maritxu eta Mirenek jarrera ezberdina izango dute amonaren zaintzari dagokionez. Alabak amonaren ekintzak barkatuko ditu ama duelako, eta errudun sentitzen delako, bilobak ordea, ez ditu onartuko. «Gaur egun gauza asko ezberdinak dira helduen eta gazteen artean, baina beste askok berdin jarraitzen dute», esan zuen Kontxu Odriozolak. M. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo