GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Gazta jana

Bizitzaren beste arloetan bezala, letra elkartze honetan ere badago zurrunbiloka aritzeko arriskua. Okerrago agian, hemen bozgorailu gisako zerbait erabiltzen baita, eta gainera, hamaika arau demoniozkoak kontuan hartu behar: ortografia, estilistika, egitura, koherentzia...

Baina batez ere, zer demontre jarri. Gaztelaniazko hitza (eta batez ere kontzeptua) ekarriz, pajeatzen aritzeko arriskua beti gainean dugu. Eta halaxe nenbilela munduaren sorreraren gaineko hainbat teoria edo sinesmen sinapsietatik barrena irten zitzaizkidan paseoan. Neurona batetik bestera jauzi eginez, pajeatzen hasi nintzen, ez ordea, biolina jotzen. Idatzi bat isurtzea mundu bat sortzearen antzeko zerbait izan daiteke, mundu txikia, agian, kaskarra, erdipurdikoa (halaxe beharko jaungoikoen pare gure burua jarri nahi ez badugu, nahiz eta horiek ere...) Egiptoar mitologiaren arabera, Ra jainkoa bakarrik omen zegoen eta, jakina, bera bakarrik egonik, nola egin aurrera munduak!

Orduko teologo egiptiarrek halaxe imajinatu omen zuten jainko handiaren irtenbidea: Jainkoaren Eskua. Ra jainkoak kanpai jotze jainkotiarra egin zuen eta isurtze zerutiar hartatik Shu eta Tefnut jainkoak sortu ziren edo, bata maskulinoa, bestea femeninoa. Eta munduak aurrera egin zezakeen.

Eta agian, letrak elkartuz pajeatzen aritzea hasierako garai haietatik datorkigun irtenbidea da. Dena dela, nik nahiago dut, honaino helduta, egoeraren definizioa gurera ekartzea hitz kantoi honetan agertzerako, hau idiarena baino sekulako gazta jana baita. Gazna xaflak neuronen afari eta, Itxaro Borda gogora ekarriz, 100% basque. Bien sûr!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo