GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gotzon Barandiaran Arteaga Idazlea

Euskalgintzak ebatzi

Har dezagun aginte makila behingo batean. Non dago euskarazko kulturaren aldeko masa kritikoa ez bada euskalgintzan? Zerk eragozten digu euskalgintzan eta euskal kulturan gabiltzan kideoi presio sozio-politiko nahikoa egingo duen subjektu politiko bilakatzea?

Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an eta 25ean «Euskararen unibertsoak pauso bat haratago» jardunaldiak antolatu zituen Iruñeko Planetariumean. Lehen egunean euskararen egungo egoeraren diagnostikoa aurkeztu zelarik, zenbait ondorio sano argigarri mahai-gaineratu dira:

Hizkuntz-politikak: Azken 25 urteotan Euskal Herri osoko instituzio publikoetatik bideratutako hizkuntza-politikek bere horretan badiraute, euskara ez da egundo normalizatuko.

Sektoreen azterketa: Hezkuntzaren, helduen euskalduntze-alfabetatzearen, lan-munduaren, hedabideen eta euskara elkarteen baldintzak aztertuta: ez dago aldeko baldintza politikorik, beraz ez dago aldeko baldintza juridikorik ezta ekonomikorik ere. Ostera, baldintza sozialak oso aldekoak dira. Euskarazko kulturgintzari buruzko azterketarik aurkeztu ez bazen ere, ondorioak berdintsuak direlakoan gaude. Ez dago euskarazko kulturgintzaren aldeko baldintza politikorik, ez juridikorik ez ekonomikorik, baina euskal herritarren gehiengoak euskarazko kulturaren aldeko jarrera du.

Halandaze, zelan lortu genezake baldintza politiko, ekonomiko eta juridikoak aldekoak izatea? Babes soziala baldintza politiko bihurtuta.

Hizkuntza-politikak eta ondorioz kultura-politikak, euskalgintzak eta euskal kulturako hartzaile, sortzaile zein eragileok eztabaidatu, adostu eta gauzatu behar ditugu. Ezin dugu hizkuntza-politika lau urterik lau urtera instituzio publikoetan agintean daudenen gidaritzapean utzi. Atzo Kulturaren Euskal Plana zena gaur Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua da eta batek daki bihar zein izen emango lioketen. Eta bitartean azken 40 urteotan euskalgintzan eta euskarazko kulturgintzan lanean ari garen herri mugimenduok ez dugu ezer erabakitzeko botere gunerik irabazi. Euskal herritarrak gure lanaren aldekoak badira ere, euskarari zein euskarazko kulturari baldintza politiko-ekonomiko-juridikorik bermatzen ez diotenek antolatutako foroetara joaten gara ekarpenak egitera.

Lau urtetik lau urtera instituzio publikoetan agintean daudenek, kultura sailburu izateko ezelango baldintzarik bete behar ez duten horiek, proposatzen dituzten foroetan parte hartzeari utzi egin behar diogu. Foro horietako kide izanik, hizkuntza-politika zein kultura-politika gure esku ez daudela onartzen dugu, inoren gidaritza onartzen dugu.

Foro horien bultzatzaile diren instituzioetako agintariek eurek aitortzen badigute gure ekarpenak euren nahierara erabiliko dituztela, zergatik hartzen dugu parte morroi papera inposatzen diguten antzezlanetan?

Ez dezagun instituzio publikoen menpekoak diren Euskararen Aholku Batzorde eta enparauetan parte hartu, sortu ditzagun gure Euskararen Aholku Batzordeak eta instituzio publikoek parte har dezatela baina gure gidaritzapean. Har dezagun aginte-makila behingo batean. Non dago euskararen eta euskarazko kulturaren aldeko masa kritikoa ez bada euskalgintzan? Non daude euskararen eta euskarazko kulturaren aldeko militanteak ez bada euskalgintzan? Non biltzen gara euskara erabili eta euskarazko kultura kontsumitzen dugunok ez bada euskalgintzaren inguruan?

Euskal Herriko instituzio publikoetan agintean daudenentzat euskara eta euskarazko kultura ez dira lehentasunezko, euskalduntzea ez dago eragile horien helburuetan. Euskararen Erakunde Publikoko burua ez da euskaraz mintzatzeko gai. Zergatik onartzen dugu euren gidaritza? Zergatik uzten dugu hizkuntza eta kultura politika euren esku? Zerk eragozten digu euskalgintzan eta euskal kulturan gabiltzan kideoi presio sozio-politiko nahikoa egingo duen subjektu politiko bilakatzea?

Euskalgintza osotzen dugunok, nor bere aldetik, gogoeta sasoian gaude. Berandu orduko bildu, gogoeta horiek trukatu, eztabaidatu eta ebatziak hartzen has gaitezke. Norberaren proiektua estrategikoena dela pentsatzeari utzi behar diogula iruditzen zait eta euskararentzat eta euskarazko kulturarentzat estrategikoa zer den adostu behar dugula, auzolanean. Euskalgintza osotzen dugunok euskararen eta euskarazko kulturaren aldeko subjektu politiko bilakatu gaitezke, instituzio publikoetan emango diren aginte aldaketak aldaketa, dagoena dagoela, datorrena datorrela, hizkuntza eta kultura politika geuk gidatuko dugula ulertarazi geniezaieke euskal herritarrei eta klase politikoari. Sinets dezagun horretarako gai garena, badugula nahikoa indar, auzolanean edozertarako gai garela, herritarrak alde ditugulako. Ostantzean, orain arte legez, erresistentzia lanetan iraungo dugu, nekaraziko gaituzte eta nekatuko gara. Idazleak froga ukaezinak bildu ditu: «Euskararen iraupena erresistentzia luze eta miresgarri baten ondorioa izan da eta izango da. Gure klase politiko nagusiak albora bota du euskara, ez zaio interesatzen kultura egiteko eta unibertsaltasuna hedatzeko tresna bezala. Euskararen historia marjinazio baten historia da. Eta politikoki eragin beharko dute euskaldunek, nik ez dakit nola baina, marjinazio horretatik ateratzeko. Euskarak ez du aurrera egingo munduko idazlerik onenak, munduko kantaririk onenak eta munduko bertsolaririk onenak edukita».

Euskalgintzak hamarkadetan egin duen lan eskergak ematen dion zilegitasuna eta bermea aldarrikatu behar ditu euskal herritarren gehiengoa jabetu dadin geu garela Euskal Herrian hizkuntza-politika zein kultura-politika gidatu behar dugunak. Euskal Herriko euskara elkarteen federazioa den Topaguneak joan den asteburuko mintegian itxaropenerako erabakia hartu du: «Gizarte mugimenduak botere gune politiko, ekonomiko eta sozialetan eragiteko duten konpromisoa bere egin du euskaldunon elkarteen mugimenduak». Topagunea, aproposa aproposetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo