GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

Energia nuklearraren etorkizuna

Teknologia aurrerapen handiak izan dira energia nuklearraren alorrean; bigarren eta laugarren belaunaldiko erreaktoreak parekatzea gaur eguneko Toyota Prius auto hibridoa 1960ko Fiat Cinquecento batekin konparatzea bezalakoa litzateke. Galaxia diferenteetako teknologiak dira.

Mikel SUSPERREGI Carbonica.org

Galdera ugari sortzen ditu Japonian gertatu denak, energia nuklearrari buruz eta teknologia honen arriskuak onartezinak ote diren. Gaiak eztabaida sosegatua merezi du, etorkizunera begira, energia plangintza zuzena erabakitzeko. Fukushimako Dai-Chi zentral nuklearra 1971. urtean hasi zen funtzionatzen. Bigarren belaunaldikoa da erreaktorea; beraz, teknologia hori gaur egun zaharkituta dago, kontuan hartuz hirugarren belaunaldikoak direla berrienak, eta plangintzan direnak laugarrenekoak.

Datorren hilabetean Txinan hasiko dira eraikitzen laugarren belaunaldiko lehen erreaktore nuklearra, Rongcheng herrian. Erreaktorearen barruko tenperatura handia kontrolatzeko helium gasa erabiliko dute lehen aldiz, ur hotza erabili beharrean. Teknologikoki aldaketa asko izan dira mundu horretan; antzekoa izango litzateke gaur eguneko Toyota Prius ibilgailu hibridoa 1960ko Fiat Cinquecento batekin konparatzea. Galaxia diferenteetako teknologiak dira.

Ezohikoak diren zoritxarreko faktoreen batuketa bat gertatu da Fukushiman. Japoniak inoiz jasan duen lurrikara bortitzena gertatu da, eta ondoren hamar metroko tsunamia, Fukushimako kostaldea zuzen-zuzenean astindu zuena. Eta kostalde ertzean dago Dai-Chi zentrala, beraz, kokapena okerragorik, ezta nahita ere. Onartu behar dugu egoera oso ezohikoa dela eta etorkizunean ez dugu uste horrelakoak laster errepikatuko direnik.

Japoniak aspalditik erabaki du energia politikan bere burujabetasuna mantendu nahi duela, estatu hornitzaileengandik izan lezakeen menpekotasuna gutxituz. Arrazoi horregatik inportatutako gas naturala ahal bezain mugatua da, eta argindarra zortzeko ahal bezainbeste zentral nuklear eraiki ditu Japoniak azken hamarkadetan.

Japoniaren populazioaren dentsitatea handia denez, erreaktore nuklearren kokapena betidanik izan da gai tirabiratsua. Azken batean, aktibitate sismikoaren aldetik gure planetako lekurik aktiboenetako bat da, eta bere ekialdeko kostatik gertu plaka tektoniko erraldoiak elkartzen dira.

Bitxia da, ordea, ezohiko baldintza muturreko hauek gertatu ondoren, Fukushimako istripua konpontzeko bidean doala. Lasaigarria da Tokion egoera kontrolpean dagoela, hori baitzen kezka nagusia eta mehatxu larriena. Segurtasun erradiotik kanpo hedatutako erradiazioa ez da nahikoa epe luzeko inolako arazorik sortzeko.

Burugabekeria eta arduragabekoa izango litzateke energia nuklearrez mintzatzea arrisku gabekoa izango balitz. Energia nuklearra errespetu eta kontu handiarekin erabili behar da, baina argi dago Naturak ematen digun indar izugarri eta erraldoi hau alde batera baztertzea erokeria izango litzatekeela. Bereziki berotze globalari aurre egiteko energia nuklearrak hornitu diezaguke argindarra kantitate izugarritan, eta modu honetan CO2 gasen isuriak murrizteko helburua lortzeko aukera izango dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo