Koldo Mitxelenaren obra guzti-guztiak argitaratu dituzte
EHUko Joseba Lakarrak eta Iñigo Ruiz Arzalluz irakasleek Koldo Mitxelenaren idatzi guztiak editatu dituzte, han eta hemen kaleratuak zein inoiz plazaratu gabeak. Unibertsitatearen, Gipuzkoako Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren elkarlanari esker egin dute proiektu handi hau, euskal kulturako iparrizarraren argia denengana zabaltzeko asmoz.Maider IANTZI | DONOSTIA
Hemendik aitzinera hamabost liburukitan kontsultatzen ahalko da Koldo Mitxelenak idatzi zuen guztia; bere izenaz, izenaren laburdurez zein ezizenez sinatutakoa, baita hil eta gero argitaratutako zenbait testu ere.
Joseba Lakarra eta Iñigo Ruiz EHUko irakasleek egin dute edizio lana, eta hamalau liburukitan banatu dute obra osoa. Bakoitzari ahalik eta edukirik homogeneoena ematen saiatu dira, eta irakurtzeko ahalik eta erosoenak eta errazenak izan daitezen ere bai. Horretarako, aurkibideak jarri dituzte eskura eta CD batean ere jaso dituzte testu guztiak.
Unibertsitateko, Gipuzkoako Aldundiko eta Lakuako Gobernuko ordezkariak elkartu ziren atzo Aldundian, euskalgintzako bertze hainbat eta hainbat jenderekin, senideekin eta lagunekin batera. Pozarren agertu ziren guztiak, Blanca Urgell Kultura sailburuak adierazi zuen bezala, gertakari handia zelako. Alde batetik, euskararen zerbitzari leial honenganako sentitzen duten zorra neurri batean kitatzea lortu dute; bertzetik, gizarteari begira, euskalgintzaren garapenerako hagitz mesedegarri da, Mitxelena pizgarri delako, eredu nagusi, eta bere ideiak eta metodoak bizirik daudelako eta egonen direlako. Euskalgintzari egiten zaion «funtsezko zerbitzua» da, beraz, Urgellek nabarmendu zuenez.
Denek izan zituzten loreak Mitxelenarentzat, eta denek nabarmendu zuten bere lan handia. Adibidez, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak bi dohain aipatu zituen: prestutasuna, zintzotasuna, aukera politikoarekiko leialtasuna; eta kulturaren zaletasun bizia, eredu izaterainokoa. Erran zuenez, idazle batentzat ez da omenaldi hoberik obra irakurtzea baino. Denoi dagokigu omenaldia osatzea; orain badugu aukera.
Bideo batzuk jarri zituzten eta horietan hainbat pertsona azaltzen ziren hizkuntzalariaz solasean. Miren Azkaratek orain dela 30 bat urte idatzi zituenak ekarri zituen gogora, ez baitute gaurkotasunik galdu. Mitxelenak erran zuen euskaldunok munduan gure lekua topatu behar dugun bezala, euskarak ere aurkitu behar duela berea bertze hizkuntzen artean, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko moduko lekua, handikeriarik gabe.
Bihotza eta burua
Joakin Gorrotxategik ideia polita azaldu zuen: «Bihotza eta burua bi indar dira, eta Koldok biak zituen handiak. Bihotz handia behar zuen bere gain hartu zituen eginkizunak handiak izan zirelako, eta bakardadea eta oztopo handiak gainditu behar izan zituelako, adore ikaragarriz. Ekintzetan, politikan, jende askok zuen bihotz handia, baina berak zuen buruaren indarra gutxik zuen, buruak agintzen zuen bihotz horretan».
Bizipenak ere kontatu zituzten. Jean Haritschelarrek egun batean elkarrekin Bilboko omenaldi batera joan eta Errenteriara bueltan zetozela Gernikan gelditzeko galdegin ziola oroitarazi zuen. Han egon ziren biak isil-isilik zuhaitz ondoan. Desio batekin bukatu zuten aurkezpena: bere itzal luzeak argitu gaitzala.
Handik eta hemendik jasotako testuak tipografikoki bateratu eta kohesionatu dituzte, eta forma zein edukia duinak izan daitezen saiatu dira, erraz irakurtzeko eta erabilera oparoa izateko.
Makina bat ekarpen egin zituen Koldo Mitxelenak. Bat aipatzeagatik, euskara batua sortu bakarrik ez, etorkizuneko bidea ere markaturik utzi zuen. «Zer behar dugu? Zertarako behar dugu?», galdetu zuen.