GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Pilota bakarrak utzi du gustura Gonzalez

p038_f02_555x555.jpg

J.O.

Materialari dagokionean nahikoa txapelketa lasaia izaten ari den arren, Sebas Gonzalezek eta Aritz Laskurainek ezin izan zuten atzo Labriten aurkitu zituzten pilotekiko euren desadostasuna ezkutatu. Materiala apartatzen ari zirela nabariak izan ziren euren keinuak eta hitz gogorregirik erabiltzerik nahi izan ez zuten arren, mikrofonoen aurrean ere nabarmen geratu zen ez zirela batere gustura geratu Juan Mari Juaristi hautatzaileak Labritera eramandako pilotekin.

Aspeko bikotea pilota bizien bila aritu zen atzo Iruñeko pilotalekuan, baina ez zuen halakorik aurkitu. Eskura jarri zizkieten pilota guztietatik bakarrak bete zituen lapurtarraren eta gipuzkoarraren nahiak. «Atsekabetuta gaude, oso zaila da-eta gaurko materialarekin gustura geratzea. Guk aukeratutakoen artean bat gustatu zait, bestea gutxiago eta hirugarrena batere ez. Oso baxuak ziren eta Labritek material fuerteagoa onartzen duela uste dugu. Grazia, pisu eta bote gehixeagorekin nahi genituen, hauei botea eragin eta aldaken parera baino ez dira heltzen», azaldu zuen Gonzalezek. Aimar Olaizola eta Begino, aldiz, gustura agertu ziren, txapelketa osoan bezala pilota motelagoak bilatu eta aurkitu zituztelako; aurkariarenei ere «nahikoak» direla iritzi zieten.

Gonzalezek argi utzi nahi izan zuen prentsaren aurrean Asegarcekoen pilotek ez dutela inolako aitzakiarik. «Aimarrek badakigu pilota motelagoak bilatu izan dituela beti eta hauekin jokatzeko eskubide osoa du; ni gureez kexu naiz», esan zuen.

Aritz Laskurainek bat egin zuen bere aurrelariarekin, baina ez zion garrantzi handirik eman nahi izan auziari. «Ia txapelketa guztian zehar gertatzen ari den zerbait da, gaur beste agian ez, baina tira», adierazi zuen.

Final baten pare

Pilotak alde batera utzita, bi bikoteek oso argi daukate aurreko asteburuko lehen jardunaldian galtzaile izan ostean larunbatekoa final bat dela beraientzat. Labriten galtzaile irteten denak agur esango dio lehiaketari eta halakorik gertatu ez dadin, Aritz Laskurainek oso argi du nola jokatu behar duten. «Beti bezala. Beginori ezkerra bilatu behar diogu, eskuinez sartzea galarazi behar diogu, bestela partida galduta dago-eta. Ezkerra topatzen badiogu tantoaren ekimena gurea izango da eta horixe da komeni zaiguna», azaldu zuen Soraluzekoak.

Aurretik jokatutako bi partidek ezertarako balio ez dutela nabarmentzerakoan etorri ziren bat bi bikoteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo