GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Populazio zibila babestu

Espainiako soldaduak Libiara joan dira populazio zibila babestera. Ez dago beste helbururik. Iranek zortzi ordutik behin urkatzen du zibil bat. Ilaran daude zain: homosexualak, adulteroak, kurduak. Mahmud Ahmadineyadek hiritarrak hiltzen ditu. Soldadu espainiarrak ez dira joan Iranera populazio zibila salbatzera.

Marokok populazio zibila hil izan du maiz. Batzuetan soldaduak kanpamenduetara sartuta, beste batzuetan minak jarrita. Mohammed VI.ak eraiki duen harresiaren inguruan sei milioi mina antipertsonal daude, eta, lehertzen direnean, populazio zibila hiltzen da gehienetan. Soldadu espainiarrak ez dira inoiz joan sahararrak salbatzera.

Israelek «Berun solidoa» operazioa jarri zuen martxan 2008ko amaieran Gazan. 1.300 palestinar erail zituen Benjamin Netanyahuren Armadak. Hildakoak ez ziren militarrak, ez ziren militanteak. Zibilak ziren denak. Israeldarren aldetik hamazazpi lagun hil ziren, horietarik hamahiru soldaduak. Espainiako Parlamentuak ez zuen soldadurik bidali Gazara populazio zibila salbatzera.

Vladimir Putinek 150.000 soldadu bidali zituen Txetxeniara milioi bat eta gutxiko populazioa kontrolatzera. Txetxeniako «presidente» independentistak hil ditu urtez urte: 2005ean Aslan Masjadov, 2006an Abdul Jalim Saidulayev... baita populazio zibila ere. Usman Ferzaoulik dio errusiarrek 10 urtean 308.000 txetxeniar hil dituztela bi inbasio handitan, hau da, populazioaren %28a. Gaur egun 710.000 txetxeniar baino ez dira gelditzen.

Espainiako Parlamentua ez zen enteratuko Txetxenian gertatzen ari zenaz. Bestela, kontxo, soldaduak bidaliko zituen populazio zibila salbatzera.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo