Presoen eskubideen aldeko ekimenak lantegietan abian, LABen eskutik
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) bizi duen egoeraren gaineko salaketa enpresetara eramateko eta herrietan antolatzen diren ekimenetan parte hartzea indartzeko helburuarekin, LAB sindikatuak «Euskal presoak lantegietara» ekimena jarri du martxan lantegietan.
GARA
Urtarrilaren 8an Bilbon euskal presoen etxeratzearen alde egindako manifestazioan jaso ziren aldarrikapenei eta hausnarketei segida emanez, LAB sindikatuak, eskubide zibil eta politikoen alde hasi duen kanpainaren baitan, presoen eskubideen aldeko ekimenak abiaraziko ditu enpresetan. Martxoaren hasieran Donostiako Atano III.a pilotalekuan egin zuten urteko Batzar Nazionalean iragarri zuten, eta atzo eman zituzten xehetasun gehiago LABeko Olatz Arozena antolakuntza idazkariak eta Jabi Garnika idazkari nagusiaren ondokoak.
Euskal Herriko hainbat enpresetako ordezkariekin batera landu ondoren jarri dute martxan ekimena, eta dagoeneko ehun enpresetako sail sindikalek bat egin dute. Beste hainbat lantegi edo enpresen artean, Banco Gipuzkoano, Mutualia, Michelin, Auzolagun, CAF, Aceralia Zumarraga, Arcelor-Mittal, Euskotren, Telefonica, Corte Ingles, Metro Bilbao, Liberty Seguros eta Niessen enpresetako sail sindikalek eramango dute ekimen hori euren lantegietara. Erakundeen artean, Gipuzkoako Aldundia, Lakua, Pasaiako Portu Agintaritza edo Donostiako, Oiartzungo eta Errenteriako udalak daude.
Euskal Herrian zabaldu den aro berriaren aurrean, aldaketa politikoaren bidean, gutxieneko demokratikoak bete daitezen langileek parte aktibo izan behar dutela defendatzen du sindikatuak. Horretarako hainbat ekimen prestatu dituzte, tartean euskal preso politikoen alde enpresa eta lan arloan jarduteko bidea zabaldu eta indartzen duena. «Euskal presoak lantokietara» lelopean, orain arteko dinamiketan sakondu eta konpromiso berriak bultzatuko ditu LABek; «herriz herri, lantokiz lantoki, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari aplikatzen zion espetxe politikaren erabateko aldaketa exijituz», azaldu zuten Arozenak eta Garnikak.
Hala, ekimen honen helburua bikoitza dela azaldu zuten. Batetik, egun euskal presoek bizi duten egoeraren gaineko salaketa enpresetara eraman eta konpromisoak bultzatu nahi dituzte, bestetik, herrietan antolatzen diren ekimenetan nahiz LABek bultzatutakoetan langileen parte-hartzea indartu.