AHT salatzeko pintadengatik, fiskalaren bi urteko espetxe zigor eskaera
Martxelo DIAZ
Bina urteko espetxe zigorra eta bosna mila euroko isuna ezarri nahi die- te Iruñeko lau laguni, 2010eko apirilean Zizurren AHTren aurkako pintadak egiteagatik, atzo AHT Gelditu! Elkarlanak salatu zuenez. Epaiketa hilaren 31n izango dela-eta, Iruñeko Epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egiteko deia zabaldu dute.
Ondasun publikoak kaltetzea leporatu dietenez, falta baten akusazioari barik, delitu akusazioari aurre egin beharko diote, errepide batean egindako pintadengatik.
«Nafarroako Gobernuak eta erakunde publikoek eztabaida soziala ukatu, eta AHTren aldeko propagandan milioiak xahutzen dituzten bitartean, oposizioa kriminalizatzen dute, AHTren inguruko informazioa zabaltzeagatik eta eztabaida soziala bultzatzeagatik soil-soilik», salatu zuten.
Izan ere, jakinarazi zutenez, hitzaldiak, erakusketak eta sinadura bilketak antolatzeko traba ugari jartzen dizkiete, helburu argi batez, AHT Gelditu Elkarlanaren ustez, AHTren aurka ari direnak kriminalizatzea eta abiadura handiko trenaren aurkako oposizioa kikiltzea da, Nafarroan Castejon-Ezkirotz zatia eraikitzeko lur desjabetze prozesuak hasi berri direnean.
Desjabetzeetan, Nafarroako Gobernua zenbait lurjaberi dirutzak ordaintzen ari dela jakinarazi zuten, araututa dagoena baino hiru aldiz gehiago, hain zuzen, tramite horiek direla-eta inolako atzerapenik sor ez dadin, AHT Gelditu! Elkarlaneko kideen esanetan.
Beraz, lur desjabetzeak hasi dituzte eta bide zati horretan lanak uda partean hastekoak dira [Nafarroako Gobernuaren beraren arabera] baina Ezkirotzetik aurrera zein ibilbide izango duen eta EAEko Y-arekin nola lotuko duten artean erabaki gabe daukate, eta halere, izugarrizko dirutza xahutzen ari dela salatu zuten.
Horiek horrela, apirilaren 2rako manifestazioa antolatu dute. «AHT Nafarroan: Hasi baino lehen gelditu dezagun» lelopean, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da.